Unai Artetxe
Unai Artetxe

"Bidaia on!"

2016/01/29
Gu ere izan ginen bidaiari. Guk ere amestu genuen etorkizun hobeago batekin. Guk ere maletan bi arropa zahar sartu genituen, eta gehien maite genuena atzean utziz norabide jakinik gabeko zeharkaldiari ekin genion, atzera begiratu  gabe, negar malkoak  itsasoan isuriz.
Hastapenean ilusioak eta beldurrak bat egiten dute. Segunduak aurrera doaz. Tiki-taka. Minutuak. Tiki-taka. Orduak. Tiki-taka. Denborak aurrera egin ahala bizitza berria hurbilago ikusten dugu. Baita heriotza ere.
Erlojuaren tiki-takarekin dantzan hasi dira olatuak. Ikara. Umeen negarrak. Helduen isiltasuna. Zenbat galdera. Zenbat hutsune.
Ekaitzaren ostean, barealdia. Ikarak logureari paso eman dio. Hotzak nekeari. Gaueko  iluntasunik beltzenean haizearen hotsak entzuten dira. Besterik ez. Asko faltako ote da? Etsipena.
Blai eginda ireki ditugu begiak. Hala nola uretatik atera gaituzte. Eta non dira besteak?
Gu ere izango gara bidaiari. Agian gaur ez, baina seguru asko bai bihar, etzi, eta etzidamu, atzo eta herenegun bidaiari izan ginen bezala. Askotan bidaiatzera behartzen gaituztelako. Gehienetan beste irtenbiderik ez dagoelako.
Guk ere atzera begiratu gabe bizitza hobeago baten bila jo beharko dugu. Eta guk ere zeharkaldi horretan gaudela galdera hoiek guztiak erantzun beharko ditugu, ikara, etsipena,  hotza, nekea eta logurea barru barruan ditugula.
Guri, ordea, uretatik ateratzen gaituztenean ez dizkigute mugak parez pare itxiko. Gu  europearrak baikara. Gu lehen mundua baikara.
Ala ez?