“Egiak” (Eva Perez de Albeniz)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Egiak” (Eva Perez de Albeniz)
ETA KITTO 2019, Mai 09

Unibertsitatean karrera ikasten nengoela ordu mordoa eman nituen interesik gabeko gauzak entzuten. Baina bost urte haietan perla batzuk ere izan ziren. Halako egun batean, irakasle batek errealitateari buruz hitz egin zigun.  Berak zioenez bi errealitate mota daude: lehenengo mailakoa eta bigarren mailakoa. Lehenengo maila objektiboa da, fisikoa, neurtu daitekeena, adibidez urak 100 gradutan irakiten duela. Errealitate honetan egiak zientziak neurtutakoak dira.

Bigarren mailako errealitatean, ordea, subjetibotasuna da nagusi, mundua nik ikusten dudan bezalakoa da eta hemen bizipenak, baloreak eta sinismenak dira egiak eraikitzen dituztenak. Belardi batean baserritarrak ganaduaren janaria ikusiko du eta nik merienda bat egiteko leku aproposa. Udaletxea parez pare begiratzen badugu arkuz betetako fatxada ederra ikusiko dugu, baina atzekaldean jarriz gero bista erabat ezberdina da. Nork dauka arrazoia? Zein da egiaren jabe? Ezinezkoa da galdera honi erantzuna ematea.

Ba nire irakasleak esan zigun hurrengoa zera izan zen: pertsona guztiak bizi garela bigarren mailako errealitate hortan. Egirik ez dagoen horretan, edo egi ezberdinentzako lekua dagoen horretan.

Eta horrela bizi gara pertsonak, inuxente samar, gure egiak egi direla sinistuz eta, parean daukagunaren errealitatea ezberdina bada, erratuta dagoela pentsatuz. Hau gure etxean gertatzen da, lanean, lagunartean eta baita gizartean ere.

Guzti honetaz aritu naiz pentsatzen kanpainan egon diren politikariak entzuten nituen bitartean. Alderdi politiko bakoitzak bere egiak dauzka eta errealitatea era batera deskribatzen digu. Gizarte ezberdinak antzematen dituztenez, gizartea hobetzeko proposamenak ere zeharo ezberdinak dira, kontrako muturrekoak batzutan.

Baina hori ez da kezkatzen nauena. Arazoa norbaitek bere ikuspegia inposatu nahi duenean dator. Politikari asko besteen egia zapaltzen saiatu dira gezurrak esaten, iraintzen, errespetu faltaz betetako jarrera erakusten eta guzti hau aurretik prestatutako marketin plan zorrotz baten ostean.

Botoa eman diogu gure ikuspuntuarekin bat egiten duen alderdiari, edo behintzak hurbiltzen zaionari. Emaitzak badakizkigu. Bigarren errealitate ezberdinetan bizi garela onartzen dugu. Baina, denok elkarbizitzeko errealitatea eraikitzeko ordua heltzen denean, kontua ez da arrazoia edukitzea, baizik eta besteen arrazoiak ulertzeko ahalegin handia egin eta posturak hurbiltzea. Espero dezagun gure politikariek lan eskerga hau egiteko gaitasuna edukitzea.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »