Enrike Zuazua
Enrike Zuazua

"Matematikarien esanetan"

2017/03/10
Gizakiak gizaki denetik Matematikaren ibilbidea  jorratu du ingurunea ulertu nahian. Eginkizun horrek neurketak egitea eskatzen zuen eta tresna berriak behar ziren. Asmo horrekin sortu zen Matematika. Zenbakiak lehenik, gero Geometria, Abstrakzioa, Logika...
Informatika eta ordenagailuen indar gehigarriari esker, Matematika mundua ulertzeko eta gizartea kudeatzeko izugarrizko oholtza bihurtu da. Ez da izan egun bateko lana, zibilizazio guztien ekarpenak bilduz sortu den eraikuntza intelektual erraldoia baino. Arlo horretan diharduten zientzialariak eta jakitunak aspaldi ohartu ziren Matematikak mundua azaltzeko eta eraldatzeko zuen gaitasun miresgarri bereziz, eta horren inguruko hausnarketa aberatsak laga dizkigute.
Galilei ospetsuak (1564-1642) honela esan zuen: Unibertsoa Matematikaren hizkuntzan idatzita dago. Baliteke Unibertsoa hizkuntza askotan idatzita egotea. Baina gizakiok asmatu eta ulertzen duguna Matematikarena izan da (eta da). Berandu dirudi orain ereduz aldatzeko: Matematika gero eta beharrezkoagoa izango da Naturak, gizakiak eta gizarteak sortzen duten triangelua garatzeko orduan. Datuen garaian bizi gara!
Isaac Newton zientzialari erraldoia (1643-1727) fededuna zen. Berak eginiko aurkikuntzen garrantziaz jabetuta, Jainkoarenganako bere menderakuntza aitortu nahian zera asmatu zuen: Besterik ez balego, nire eskuko behatz lodia Jaungoikoaren existentziaren froga nahikotzat joko nuke. Gaur egun ere horrela da: gizakia txiki, nanoa geratzen da beti, eta derrigorrez apala izan behar Naturak berez garatu dituen mirarien ondoan. Newton-ek honakoa ere esan zuen: Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalden gainean ibili naizelako izan da. Esaldi hori oso famatua bihurtu da azken aldian “Google Scholar” web atariak berori hartu baitu bere lelo gisa: Erraldoien sorbaldetan.
Matematika etengabeko katea da eta matematikariok, kasurik onenean, begi-kate txikitxo bat sortu eta gehitzeko gai izaten gara. Belaunaldi batetik bestera transferitzen dena, “jausitakoa lepoan hartuz”, euskal abestiak dioen bezala. Aurrekoek eginikoa erabiliz, hurrengoek osotu eta hobetu dezaten, bakoitzak bere ekarpen apala eginez.