...eta kitto!
...eta kitto!

Eva Alberdi: "eLIBURUTEGIA, digitalean irakurtzeko modu jasangarria"

2016/02/19
2014ko urte bukaeran gure irakurleek askotan eskatu diguten zerbitzua jarri zen martxan: ebook-ak maileguan deskargatzeko zerbitzua, hain zuzen ere. Zerbitzu horren izena: eLiburutegia. eLiburutegia plataforma bat da Interneten bidez eduki digitalen irakurketa errazten duena. Irakurketa hori streaming bidez, ordenagailuaren bitartez edo gailu mugikorrak direla medio burutu daiteke. Zerbitzu horretara sartzeko gogoratu helbide elektroniko hau: www.eliburutegia.euskadi.eus.

NOLA ERABILI
Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko edozein liburutegiko bazkidea bazara beste zerbitzuetara sartzeko erabiltzen dituzun datu berdinak (bazkide zenbakia eta pasahitza) sartzearekin nahikoa da. Pasahitza ahaztu baduzu zure liburutegira jo beharko duzu eta berri bat emango dizute. Oraindik ere Sareko liburutegi publiko bateko erabiltzailea ez bazara eska ezazu zure txartela liburutegian eta plataformara sartzeko beharrezko datuak emango dizkizute.

ZALANTZAK BADITUZU, NORENGANA JO DEZAKEZU?
Mailegu zerbitzu berri honi buruzko edozein zalantza argitzeko jar zaitez harremanetan zure liburutegiarekin. Informazioa emango dizute eta edozein zalantza argitzen lagunduko dizute. Eibarko liburutegiak KZgunearen kolaborazioa lortu du zalantza teknikoak argitzeko, eta eurekin ere harremanetan jarri zaitzake.

liburuak maileguan

ZER AURKITUKO DUZU E-LIBURUTEGIAN?
Formatu digitalean irakurtzeko aukera. Azken nobedadeak, literaturako klasikoak eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiek egindako hautaketa zabal bat eskuratzeko aukera izango duzu. Bilaketak egileak, argitaletxeak, gaiak, argitalpen urtea eta hizkuntzen arabera egin daitezke. Web guneko lehen orrialdean gomendioak eta gehien mailegatutakoak topa ditzakezu. Erosketa-proposamenak aurkezteko aukera ere izango duzu, eta eduki digitalean daudela egiaztatu ondoren eLiburutegian sartuko dira.

2015-EKO DATUAK
Gure Liburutegiko bazkideek 957 liburu deskargatu dituzte 2015ean eLiburutegitik eta 209 lagunek zerbitzu berri hori erabili zuten.
Hauek izan dira gehien deskargatu diren tituluak:
1) Itxaso Martin Zapirain, “Ni, Vera”.
2) Camilla Läckberg, “Crimen en directo”.
3) Dolores Redondo, “Legado  en los huesos”.
4) Irati Jiménez, “Nora ez dakizun hori”.
5) Alberto Ladrón Arana, “Ahaztuen mendekua”.
6) Kate  Jacobs, “El club de los Viernes”.
7) Toti Martínez de Lezea, “La Brecha”.
8) Joan Mari Irigoien, “Ipuin batean bezala”.
9) Mallorca, “Edición 2015”. 10) Anjel Lertxundi. “Zoaz  infernura, laztana”.

Baina, besterik gabe, sar zaitez eta hasi kuxkuxeatzen.  Irakurle digitala bazara, benetan merezi du!