Nagore Fernandez
Nagore Fernandez

"Fatxaden berriztapena: K-rekin komeriak"

2020/10/20
Ohar bat eraikinaren fatxadak zaharberritzeko asmotan diren bizilagun-komunitateentzat: irailaren 24an indarrean jarri diren neurri berriekin, bete beharreko baldintzak zorroztu egin dira. Eta zer esan nahi du “zorroztu” horrek? Astun samarra den arren, azaltzen saiatuko naiz.

Ia-ia ziur: Fatxadak berrizterakoan derrigorrezkoa izango da isolamendu termikoa gehitzea, fatxada aireztatuak edo SATE izenez ezagutzen direnak eginez, esaterako. Eta ez du edozein lodierako isolamenduk balioko, gainera, arauak ezarritako baloreak lortu beharra baitago.

Arau horren arabera, “K” parametroa izan behar da kontuan, eraikinaren azal osoak energetikoki duen berotasun galeren batezbestekoa kalkulatzen duena. Eraikinaren azal hori, ordea, ez dute fatxadetako paretek bakarrik osatzen, leihoek, teilatuak, lurrarekin kontaktuan dagoen azalerak edo aldameneko pegorakoekin elkarbanatzen dugun hormek ere osatzen dute. Eta batezbestekoa denez kalkulatu beharrekoa, aukera ezberdinak ditugu, baina pentsa: ez badugu fatxadetan demaseko lodieradun isolamendua jarri nahi, posiblea da leihoak aldatu beharreko egoeran topatzea... Hau da hau pagotxa!

Badago salbuespen pare bat: batetik, eraikinak, bere interes edo balio arkitektonikoa dela eta, babes berezirik badu, ez du derrigorrez isolatu beharrik izango. Bestetik, zaharberritzen den elementuaren azalerak eraikin osoaren azalaren %25 baino gutxiago neurtzen badu, orduan ere ez.

Baldintzak hor daude, orain araua nola bete izango da kontua... Azaleraren arabera, fatxada bat aurten berritu eta bestea datorren urtean? Edo guztia batera egin ahal izateko kalkuluak (“K”renak eta ekonomikoak, noski) lehenbailehen egiten hasi? Komeria galantak edozein kasutan...!