“Faxistak” (Asier Azkue)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Faxistak” (Asier Azkue)
ETA KITTO 2019, Eka 10

Politikan, hitzek esanahi zehatz bat izatez aparte, diskurtsoari kutsu ideologiko konkretu bat ematen diote; hots, posizionatu egiten dute. Horrela, batzuek Kataluniako erreferenduma estatu kolpe gisa definitzen badute, beste batzuek faxista deitzen diote arerio politiko orori. Azkenengo honetan gelditu nahiko nuke; izan ere, gaur egun, baldintza guztietako pertsonek eta erakundeek erabiltzen duten errekurtsoa da.

Faxismoak, fenomeno historikoa den moduan, inplikazio politiko, sozial eta ekonomiko oso zehatzak ditu; errepresioaz eta probokazio politikoaz askoz haratago doazenak. Egia da historian zehar gertaera asko errepikatu egiten direla; besteak beste, fenomeno horiexek sortarazten dituzten baldintzak bere horretan jarraitzen dutelako, baina kontu handiagoa eduki beharko genuke zerbaiti edo norbaiti faxista deitzerakoan. Haserreak ezin du hitz baten erabilera okerra justifikatu. Eta, are gutxiago, ez badakigu zer esan nahi duen.

Egungo egoera polarizatuak, aitzitik, ez du asko laguntzen. Maiz entzuten ditut “faxista” eta “fatxa” hitzak aurkaria erasotzeko. Batzuentzat, PSOE eta PP alderdi faxistak dira; besteentzat, berriz, ERC, Bildu eta CUP komunista, fatxa eta nazionalista nazkagarriak. Dena eta denak dira faxistak. Politikaren espektakulu horretan, inplikazio historiko, politiko eta sozialak dituzten hitz ugarik guztiz galdu dute euren egiazko esanahia, hau da, debaluatu egin dira.

Debaluazio horri aurre egiteko soluzio asko daude, baina nik garrantzitsuena azpimarratu nahiko nuke: irakurketa. Liburuek ez diote iñori miñik egiten eta, zorionez, gaur egun eskura ditugu fenomeno historiko eta politikoak aztertzen dituzten milaka liburu. Egungo aldaketen ondorioz, faxismoa eta komunismoaren mamuak berriro ari dira Europako mapa zeharkatzen. Horrek ezinbestekoa egiten du fenomeno horien azterketa eta eztabaida; egoera zehatzaren analisi zehatza, alegia.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »