“Francis Fukuyamaren omenean” (Asier Azkue)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Francis Fukuyamaren omenean” (Asier Azkue)
ETA KITTO 2020, Ira 29

1992. urtean Francis Fukuyamak “Historiaren amaiera eta azken gizona” liburua argitaratu zuen. Entsegua begi onez jaso zuten mendebaldeko kapitalistek, izan ere, liburuak komunismoaren mamuaren behin behineko heriotza deklaratzen zuen Sobietar Batasunaren erortzea gertatzen zen momentuarekin batera. XXI. mendeak bakean eta elkartasunean oinarrituriko gizarte liberalak ezarriko zituela zioen Fukuyamak, gerlak, klaseen arteko borroka eta iraultzak iraganeko fenomenoak kontsideratuz.

Hala ere, ez da beharrezkoa oso iritzi kritikoa edukitzea horrelako teoriak deuseztatzeko. Baina, bestalde, egia da kapitalismoa legitimatzera datozen teoriak oso sustraituak daudela egungo gizartean. Ongizatearen eta elkartasunaren gailur hipotetiko honetan, ezinezkoa egiten zaigu, adibidez, Covid-19ak jatorri naturala duela pentsatzea. Ezinezkoa egiten zaigu hori pentsatzea; izan ere, Fukuyamak baietsi zigun egungo gizarte perfektu honetan, pandemiak, iraultzak bezala, Historiako liburuetan agertzen diren fenomenoak direla. Negazioniztek, behintzat, horrelako zerbait esaten dute.

Baina pandemiak zerbait erakutsi digu: alde batetik, gizartea ez dela hilezkorra eta pandemiak ez direla iraganeko ipuinak. Bestalde, gizakiak eraiki dituen instituzioak erraz erori daitezkeela, eta mundua konfiguratzen duten kontraesanak erraz azeleratzen direla. Koronabirusak osasun-sistemak kolapsatu eta ekonomia suntsitu ondoren denok ezagutzen ditugun betiko fenomenoak azaleratu ditu: langileak (eta euren auzoak) direla pandemia gehien pairatzen ari direnak eta aberatsak gero eta aberatsagoak direla. Gainera, nazioarteko tentsioak ez dira desagertu.

Fukuyamak uste zuen Sobietar Batasunaren eta langile mugimenduaren porrotarekin kapitalismoak bere legitimate historikoa bermatuko zuela, baina oso oker zebilen. Pandemiak kapitalismoa paperezko tigrea dela erakutsi digu beste behin ere; hau da, erraz erori daitekeela. Agian horretaz konturatu zen Fukuyama orain dela  bi urte eskaini zuen elkarrizketa batean, non sozialismoa bueltatu beharko lukeela baieztatzen zuen Karl Marxen teoriei arrazoia emanez. Nork daki zer pentsatuko duen egungo egoera ikusita…

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »