“Gauzak” (Eva Perez de Albeniz)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Gauzak” (Eva Perez de Albeniz)
ETA KITTO 2018, Abe 18

Uda honetan gurasoen etxea saldu dugu eta anaia eta biok ordu dexente eman ditugu etxeko traste guztiak ateratzen. Bertan jaio ginen eta gure haurtzaroko etxea izan den horretan urteen joan-etorrian zenbat gauza pilatu diren ikustekoa zen.
Eta orduan, han jo-ta-ke ari ginela, zer aurkitu eta hondartzan aldatzeko zaku bat. Marraduna. Askok zer den ere jakingo ez duzuen objektua. Burutik sartu eta gorputz osoa estaltzen duen zakua da, bainujantzi bustia kendu eta sikua jazteko erabiltzen zena, inork ezer ikusi ez zezan.
Zakua eskutan hartu eta burua berehala argazkiz bete zitzaidan: uda, Deba, Lekeitio, ama, lagunak, hainbeste gustatzen zitzaidan bikini marraduna… Hunkituta, berehala erabaki nuen zaku marraduna gorde egingo nuela. Baina, erabakia hartu bezain pronto, kalkuluak egiten hasi eta: non gorde behar dut nik hau? Eta zertarako, inoiz erabili behar ez badut?
Badakizue, burua eta bihotzaren arteko borroka hasi zen, praktikoa izango naiz edo emozioari egingo diot kasu?
Ba zaku hori gordetzea erabaki nuen. Baina zakuaren atzetik beste mila gauza, beste hainbat objektu agertzen joan ziren. Eta behin eta berriz erabaki berdina: gorde, eman, bota?
Ez daukat nire burua gauza materialei apego berezia dieten horietakotzat. Beti pentsatu dut gauza gutxirekin hobeto bizi garela eta akumulatzeko joera horri barre egin diot.
Baina orain ikuspegia aldatu zait. Gauzak ez direlako objektu materialak soilik. Batzuetan gauzak iraganeko momentu zehatzei kateatuta dauzkagu eta, objektuari eusten diogun bitartean, iraganeko momentu hori beti gurekin egongo dela amesten dugu.
Eta iragana -gaur egun ospe txarra duen arren- gure bizitzaren erroa da. Freudek ez zuen batere lagundu bere iraganaren ikuspuntuarekin: ematen du atzean laga dugunak traumak eta konpondu gabeko uneak bakarrik utzi ahal dizkigula. Kargaz betetako motxila astunak. Eta gaur egungo coaching eta psikologia-korronte askok ere aurrera begiratzera behartzen gaituzte, edo oraina bete-betean bizitzera, atzean laga dugunari muzin eginda. Ni ez nago horrekin ados. Iragana altxor bat da, gure sustraiak osatzen dituena, eta oraina eta geroa ganoraz bizitzeko behar dugun sostengua.
Horregatik gorde dut hondartzako zakua, negu gogorrean gaudenean kajoitik atera eta uda eta amaren epeltasuna berriz sentitzeko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »