“Gazte, gaizto” (Eneko Sanchez)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Gazte, gaizto” (Eneko Sanchez)
ETA KITTO 2021, Ots 12

Koronabirusaren gaiaren inguruko hamaika diskurtso entzunda ditugun honetan, hamabigarrenarekin natorkizue. Nik ez dut uste gure gazteak mundu mailako izurrite honen erantzule direnik. Gehiago esango dut, nire ustez haiek dira pandemia honen biktima isiletako batzuk. Denok ditugu buruan, eta askotan ahoan ere, gure gaztetako pasarteak, abenturak edo bihurrikeriak. Gure gazte garaietan, eginkizun nagusia, zein herritako jaietara joango ginen erabakitzea zen, edota aratosteetan zein mozorrorekin jantziko ginen. Ba gaurko gazteek, gaur gaurkoz, ezin dute antzeko ezer egin. Eta hori gutxi balitz, askotan jomugan izaten dituzte hainbat eta hainbat komunikabidek, gizartea erruduntzeko diskurtsoaren eraikuntzan.

Argi dago denok dugula zer eginik pairatzen dugun egoera hobetzeko eta norberaren gain dagoela neurriak errespetatzea, baina ez gaitezen hipokritak izan. Ez dezagun kolektibo bat kriminalizatu, gizarte oso baten ondoezen arduradun bezala. Historian gehien entzun den esaldietako bat seguruenik honela hasten da: “Oraingo gazteak…” Ba oraingo gazteak oraingo testuingurura moldatzen dira, batzuk hobe, besteak okerrago, gu gurera moldatzen ginen bezalaxe.

Hartu patxadaz gazte, etorriko da zuen momentua ere. Lehenago edo geroago sortuko dira zuen helduaroan kondairak izango direnak, eta ziur nago ez direla mili-a edo soldadutza bezain aspergarriak izango! Jaso ezazue hemendik animo sorta handi bat! Txintxo ibili.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »