Aner Cardo
Aner Cardo

"Gizarte alkoholikoa"

2022/11/04
Jada ez dugu aitzakiarik behar, badakigu zein izango den “asteburu” honetako plana. Zerbait berezia (edo ez) egonez gero, bazkaria edo afari bat ere egon daiteke. Baina oinarria alkohola edatea da. Osteguna “pintxopote”, ostiralean asteburua hasten da, larunbat eta igandeak “asteburua denez…”. Eta kontuz astelehen batzuekin! Eibarrek jokatzen badu…

Asteak 7 egun ditu, horietatik 4 alkohola edaten, eta medikuari–alkohola? “noizean behin” edo “asteburuetan bakarrik” edaten dut– esaten diozu.

Berdin da zein neurritan, ez dago alkohol kontsumo segururik, izan ere, hainbat gaixotasunekin erlazionatzen da: gaixotasun neurologikoak, gibel zirrosia, minbiziak… Neurotoxikoa da, osasuna kaltetu, deshidratatu eta lesionatzeko arriskua handitzen du. Ez, garagardo edo ardo bat egunean ez da osasungarria. Ez, garagardoak ez du balio kirola egin ondoren hidratatzeko, guztiz kontrakoa egiten du.

Garagardoa edan nahi baduzu, aurrera, baina ez bilatu justifikazio osasungarririk. Osasungarriena alkoholik ez edatea da.

Astea lanean pasa ondoren, buruan dugun plan bakarra lagunekin garagardo batzuk hartzea da. Dirua, osasuna eta denbora alkohola edaten xahutzen dugu. Eta kontuz egun baten ez edatearekin! Begirada arraroak eta “garagardo bat gutxienez edan beharko duzu” bezalako esaldiak jasan beharko dituzu. Lagunekin gelditu eta zerbait hartzekotan beste aukera batzuk egon daitezke: kafea, tea, ura, azukre gabeko freskagarriak, zumo naturalak, 0,0 garagardoak…

Izenburuak gogorra dirudi, baina gaur egungo gizartearen erlazionatzeko modu bakarra alkohola edateko gelditzea dela ematen du, eta nahiko larria iruditzen zait. Horrela ikusten ez duenak, ez du ikusi nahi. Bizitzako helburu bakarra astean zehar lan egin eta asteburuan “anestesiatzea” bada, ze tristea.

Badakit kulturalki oso barneratuta dugun zerbait dela, eta egoera hobetzea oso zaila dela. Baina lehenengo pausoa konturatzea da, eta hortik aurrera norberak egin beharko du bere lanketa propioa.