Eva Alberdi
Eva Alberdi

"Góngora, inspirazio-iturria"

2021/11/02
Agian ez duzue jakingo Gordailuan daudelako, baina Eibarko liburutegian 1958 baino lehenagoko liburuak ditugu. Ez dakigu horietako askok nola bukatu zuten gure apaletan: erosi ote ziren edo norbaitek edo erakunderen batek eman edo bidali ote zituen.

Horietako batzuk digitalizatuta daude Liburukliken, ondare bibliografiko digitalizatua jasotzen duen errepositorioan.

Baina ez nator orain horiek kontatzera. Orain dela egun batzuk “Colección clásicos Labor” bildumako ale bat katalogatu nuen, hain zuzen ere 1953an argitaratutako Emilio Orozco Díazek idatzitako “Góngora” liburua, idazleari buruzko kritika literarioa eta haren obraren antologia.

Eta liburua eskuetan nuela bat-batean konturatu nintzen ondo tolestutako papertxo bat zegoela orrialdeen artean. Paper horretan testu hau zegoen: “Te espero a las 7h/30 en la fuente del mercadillo. 31-5-88”. Askotan topatzen ditugu horrelako gauza bitxiak liburuen orrialdeen artean. Baita ere argazkiak, zozketatuko loteria billeteak, medikuaren errezetak… Izan ere, edozer gauza erabili ahal da irakurketa non eten duzun markatzeko. Behin dirua ere azaldu zitzaigun eta, bide batez esan nahiko nuke, diru haren jabea aurkitzea ere lortu genuela.

Baina ohar horrek zer pentsatua eman zidan. Iritsiko ote zen ohar hura bere hartzailearengana ala betiko galduta geldituko zen aipatutako liburuaren orrialdeetan? Horrela “ligatuko” zuten liburutegiko erabiltzaileek Tinder ez zegoen garai hartan?

Góngora