“Haizea” (Nagore Fernandez)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Haizea” (Nagore Fernandez)
ETA KITTO 2019, Aza 08

Haizeak gogor jo zuen aurreko asteburuan. Arrateko zuhaitzak hankaz -edo sustraiz- gora jartzeaz gain, fatxada eta teilatuetan ere izan zuen eraginik. Itsasoan olatu izugarriak ikusi dira, indartsuak oso, beldurgarriak. Eta kontua ez da hobera joango.

Egunkarian ikusi dut Gipuzkoako kostaldeko herriek itsaso-mailaren igoera dela-eta, 2050erako jasango duten eragina: Irun, Pasaia eta Zarautzen auzo osoak urpean. Hondarribiako aireportua, Tabakalera, Mutrikuko kaia. Mapa batean kokatutako orban gorri batzuk besterik ez.

Naturak bere boterea etengabe erakusten digun arren, momentuko harridura bizilagunekin igogailuan komentatu eta gure egunerokotasunean murgilduta aurrera egiten dugu, jaramon gehiagorik egin gabe.

Bitartean, Nazio Batuen Erakundeak antolatzen duen COP25 Klimaren gailurra Madrilen izango da, Santiago de Chile Arrateko zuhaitzak bezala dagoelako (beste haize batek jota bada ere). Eta Madrilgo alkatea pozik, kutsaduraren aurkako borrokan duten konpromisoa azaltzeko aukera paregabea delako. Bidegorriak kentzen eta “Madrid Central” delakoaren neurriak murrizten dituen aldi berean. Liluratuta geratzen naiz, benetan.

Eta gurean, zer? Ba, zabor-tasaren igoera: lehen baino gehiago birziklatzen dugula dioten arren, erraustegia ordaindu beharko delako, nolabait. Ze demontre, eraikinak zaharberritu beharrean, utzi ditzagun hutsik eta eraiki ditzagun berriak, efizienteagoak izango dira eta, A+!

Haizeak gogor jo du, baina ez nahikoa, bistan da. Gogoratu domekan hauteskunde orokorrak ditugula…

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »