“Itzalean” (Iñaki Zubillaga)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Itzalean” (Iñaki Zubillaga)
ETA KITTO 2020, Eka 09

Taste taldea desegin zenean Rory Gallagherrek bere proiektu propioa eraikitzea erabaki zuen. Azken tourrean, 1970ean, Deep Joy taldea izan zen teloneroa, eta hango erritmo bikotea fitxatu zuen irlandarrak bere hirukotearentzat: Wilgar Campbell baterian eta GERRY McAVOY baxuan.

Hortik aurrera John Gerrard McAvoy benetako oinarria izan zen, beti bigarren lerroan, itzalean, baina Gallagherren musikako ezinbesteko euskarria. 11 diska, milaka kontzertu… builaren azpian baxuko pultsazioak erritmoa markatzen, bateriaren ondoan oinak lurrera torlojuz moduan lotuta, gorputza balantzaka, beti “jefeari” begira.

Azken 10 urteetan Band of Friends taldea sortu du irlandarren omenez, hasieran Ted McKenna-rekin eta orain Brendan O’Neil-rekin, biak Gallagherren bateriak izandakoak. Datorren urtean, talde honen indarrez gozatzeko aukera izango dugu berriz. Bere bertsio hau gomendatzen dizuet: “Rory Gallagher-Shadow Play 1979 Live Video” youtuben.

1969an folk ingelesaren agertoki musikalean Pentangle eta Fairport Convection ziren nagusiak. Bigarrenak, “Liege & lies” diskoa atera zutenean, Ashley ‘Tiger’ Hutchings  taldea utzi zuen, taldekideek folk tradiziotik harantzago joan nahi zutelako. Hortik jaio zan STEELEYE SPAN.

Azkar bildu zituen musikari batzuk eta aste batean amaituta zituzten dozena bat abesti zoragarri. 1970ko ekainean irten zen “Hark! The Village wait”… eta musika munduak demaseko ahotsa deskubritu zuen: Maddy Prior. Instrumentazio sinplea eta sekulako ahots harmoniak…. Sortze-prozesua itzela izan zen, tirabira askorekin, gehienak bi senar-emazteen artean: Tim/Maddy Hart eta Terry/Gay Woods. Guztien ahaleginek taldea apurtzea ekarri zuen. Ia-ia hasiera eta amaiera aldi berean.

Orduko esperientzatik taldeak orain arte iraun du: Hutchings eta Prior hasieran, gaur egun neskak bakarrik jarraitzen du beste musikariekin. 50. urteurrena ospatzeko kontzertu mordoa zuten kontratatuta Britainia Handian, baina bertan behera geratu da jira osoa datorren urtera arte.

COVID-19a dela-eta, hainbeste berri tristeen artean heriotz berezia ere izan dugu: RAFA BERRIO donostiarra joan zaigu minbizi madarikatu baten eraginez. Rafaberrio.bandcamp.com web orrian entzun dezakezue berak lagatako ondarea.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »