“Izarren hautsa” (Josu Agirre)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Izarren hautsa” (Josu Agirre)
ETA KITTO 2022, Mar 14

Duela aste gutxi batzuk, emandako epaia justifikatzeko, Gasteizko epaile batek euskara “munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena dela” adierazten zuela ezagutu genuen. Arrazoibide juridiko ezin finagoan sakonduz, zera argudiatzen zuen: “Hizkuntza honen zailtasun nagusia da ez duela inolako loturarik beste ezein hizkuntzarekin; izan ere, denboran zehar bilakaera isolatua izan du, eta horri gehitzen zaio bere egituraren konplexutasuna”.

Joan Mari Torrealdai Nabea, idazle eta euskaltzaina izandakoak, Txertoa argitaletxearen bidez “Asedio al euskera. Más allá del libro negro” publikatu zuen 2018an. Besteak beste, bertan aurkitu ditzakegu Miguel Unamunok euskarari buruz esandako zenbait ideia: “Euskara ezin da kultua izan”, “behiei buruz hitz egiteko soilik balio du euskarak” edota “ezin da unibertsaltasunez pentsatu euskaraz”.

Gaixotasunak maila berean jartzen eta jotzen gaituelako, 2019an nik neuk Joan Mari ezagutzeko zortea izan nuen. Donostiako ospitaleko itxaron gelan kointziditu genuen behin baino gehiagotan. Hark etengabe pasatzen zuen denbora esku artean zeukan koadernoan notak hartzen. Besteok telefonoaren pantailari, egunkari edo edozein aldizkariri begira goiza igarotzen genuen bitartean, Joan Marik idazten eta idazten pasatzen zuen denbora.

Laburbilduz: euskara hizkuntza zaila eta egitura aldetik konplexua den bitartean, aldi berean, komunikazio aldetik mugatua eta garapen eskasekoa da, behiei buruz hitzegiteko soilik balio duelako. Negozio borobila!

Euskararen misterioa ez dago -inolaz ere- bere egituraren konplexutasunean. Ez horixe. Benetan misteriotsua eta azalpen errazik ez duena zera da: nola demontre izan den posible gaur egun arte bizirik iraun izana, eta hemen uste dut Joan Mari eta bera bezalako hainbat euskaltzaleren militantzia sendoa eta urteetan zehar burututako lan eskerga ezinbestekoa izan dela, beste gauzen artean, euskara hizkuntza kultua izan daitekeela demostratzeko, behiei buruz -ere- hitzegiteko balio duena.

Ez dut nik auzitan jarriko Unamunoren pentsamendu unibertsala, baino gustu handiz gonbidatuko nuke -bera eta edonor- Laboaren “Izarren hautsa” abestiaz gozatzera eta bereziki letra aztertzera. Euskaraz unibertsoa, bizitza eta gizakiaren bilakaera primeran deskribatzen duen abestia… Sinestezina, ezta?

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »