“JUUL: tantaka, tabuak ipuinetatik lantzen” (Eva Alberdi)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“JUUL: tantaka, tabuak ipuinetatik lantzen” (Eva Alberdi)
ETA KITTO 2020, Urr 05

Eibarko Udalak bullyingaren aurkako sentsibilizazio komunitarioko jarduera jarriko du martxan ikasturte honetan, Gizartekintza saileko Haurrak, Familia eta Gaztedia arloaren eta Juan San Martin Liburutegiaren eskutik. Programa honek “Tantaka, tabuak ipuinetatik lantzen” du izena eta herriko ikastetxeei zuzenduta dago.

Ipuin bat erabiltzen da bere kalitate literarioari esker baliagarria dena deserosoa den gai honi eusteko. Ipuinetik abiatuta, erakusketa bat sortzen da eta, horren bidez, hainbat jarduera egiten dira.
Oraingoan aukeratutako liburua “Juul” da, Gregie de Maeyerrek idatzia eta Koen Vanmechelenek ilustratua (eskulturak), eta jorratu beharreko arazoak irainak, isekak, umiliazioak…;  bullyinga, azken batean.

Eta programaren berariazko helburuak dira ipuina ezagutaraztea eta irakurzaletasuna lantzea ipuinean jorratutako alderdietatik (kasu honetan, irainak, isekak eta umiliazioak). Horretarako, erakusketa didaktiko bat, ipuina lantzeko metodologia eta jarduera bat osatu dira, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleei eskaintzeko. Horrez gain, gai bera jorratzen duten beste irakurketa batzuk ere jarriko dira eskura gida bibliografiko baten bitartez.

Erakusketaren elementuak eta ideia Gijongo Udalaren Kultura, Hezkuntza eta Herri Unibertsitateko Udal Fundazioak laga ditu. Ipuinaren testu eta eskulturekin osatuta dago; bisita gidatua egiteko moduan jarrita daude elementuak eta Natalie Hickey izango da saioen dinamizatzailea. Juan San Martin Liburutegian izango dugu urriaren 1etik 22ra.

Bullyingak sortzen duen arazoa ikusaraztea bilatzen du programa honek. Osasungarriak eta errespetuzkoak ez diren egoerak ikusarazi nahi ditu; izena jartzen die egoerei, haiekin bukatu ahal izateko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »