“Kaleko zinema” (Koldo Edorta Carranza)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Kaleko zinema” (Koldo Edorta Carranza)
ETA KITTO 2020, Uzt 10

Pandemiak Coliseoko zinema aretoak ixtera behartu zuenetik, filmen egarria dugunotako batzuk jende artean pelikula bat ikusteko irrikitan geunden. Zorionez, konfinamendua arintzeak aurrez aurreko ekitaldi kulturalak antolatzeko aukera eman du. Hala, ekainaren 30ean Arrate Kultur Elkarteak Ikus-entzunezkoen Astearekin izotzaldia urtu zuen eta hainbat lan proiektatu zituen, tartean neurea. Berezia izan zen zirimiripean pantaila zuri handian irudi higikorrak ikustea, azken hilabeteotako itzalak argitu balira bezala.

Segurtasun-neurriei jarraitzeko, aulkiak bata bestearengandik aldenduta zeuden, baina emanaldian zehar entzundako barre eta iruzkinek distantziak ezabatu zituzten. Bertan ikusgai egon zen Ez, eskerrik asko. Gladysen Leihoa lanean agerian geratu ziren bai norbanakoen mugimenduaren boterea, bai herritarrek zailtasunei aurre egiteko ahalmena. Agian balio horiek egoera honi aurre egiteko balio diezagukete, zeren eta askotan filmetan ikusitakoek gure egunerokoan laguntzen baitigute.
Beste alde batetik, antza denez, udan Eibarko zenbait txokotan euskal eta erdal ekoizpenez gozatzeko aukera izango dugu, behiala hain ohikoa zen kaleko zinema berreskuratuko baita. Filminen ikusi berri dudan The swedish teory of love dokumentalean adierazten da nola Suediako biztanleriak gizartekotzeko ahalmena galdu duen, erabateko indibidualismoan murgildu delako. Horixe bera gure herrian gertatu ez dadin, giltzarria da esparru publikoan garatzen diren ekimenak sustatzea. Horregatik, espero dut jendeak normaltasun berriak jartzen dizkigun oztopoak gainditzea eta emankizunetara joatea. Zinemagintzak, euskarak bezala, halako arnasguneen beharra baitu bizirik irauteko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »