Koldo Edorta Carranza
Bideoklub berriak
2022/02/07
Liburutegi batean orduak eta egunak igarotzen dituzunean bertan dauden funtsen mugimenduaz jabetzen hasten zara. Konturatu gabe identifikatzen duzu egunkaria irakurtzera doan gizon edadetua, edota Narutoren azken alea berehala irensten duen nerabea. Baina bada nire arreta bereziki erakartzen duen erabiltzaile talde bat: zinematekan DVD eta Blue Ray artean dabilen lehendakaririk gabeko elkarte sekretua. Ez dira asko izaten, baina fideltasun ikaragarriaz jarduten dute; astero-astero pelikula berri batzuen bila bueltatzen dira normalean ikus-entzunezkoen 7 egunetako mailegu data errespetatzeko. Beharbada, zazpigarren artearekiko dudan zaletasunaz gain bertoko iragana gogorarazten didatelako bereziki hunkitzen naute pertsona horiek. Hollywood bideoklub erraldoian murgiltzen ginenean, astebururako istorio berrien bila. Edo urte batzuk geroago, teknologiak aurrera egin ahala, Cinebank-en kutxazain automatikoa zirudien tramankuluaz baliatzen ginenean.
Gaur egun, bideoklub gutxik bizirik dirautenean eta kutxazain automatikoak ixten ari direnean, liburutegiak dira artea eta gizatasunaren gotorleku. Gainera, arrakala ekonomiko eta digitala ere txikiagotzen dute, zinema aretora joateko baliabideak ez dituztenei film berriak ikusteko aukera ematen baitiete. Ez hori bakarrik, azken hilabeteotan ekoizpen ugari Interneteko plataformetan estreinatu direnez, antzokietatik at, zinemateka publikoek bermatzen dute ordaindu barik artelan horiez gozatzeko parada. Honengatik guztiagatik, oroitu ditzagun bideoklubetako bisitak eta erabil dezagun liburutegietako ikus-entzunezkoen mailegua, garai berrien beste albo-kalte bat izan ez dadin.