“Larruazalaren gosea” (Arantza Alvarez)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Larruazalaren gosea” (Arantza Alvarez)
ETA KITTO 2020, Eka 30

Distantzien eta gelen, maskaren eta eskularruen sasoi arraro honetan, bada gure ohituretatik desagertu den zerbait: besarkada. Oraindik lasaitasun osoz bizitzea falta zaigu kontaktu bero eta kontsolagarri hori, beste pertsonarekiko bat-egite hori, hurbiltzen eta kontsolatzen gaituena, animatzen eta pozten gaituen besarkada…

Izaki sozialak gara, eta, neurri handiagoan edo txikiagoan, gure kideekiko harremana behar dugu, giza beroa. Bestela, larruazal-gosea izango dugu (“skin hunger” ingelesezko esamoldea da, haurren garapenean ukipen afektiborik ez egotearen ondoriozko gabezia emozional eta kognitiboena).

Ez dago ingelesezko terminorik erabili beharrik hori azaltzeko: jaiotzen garenetik behar ditugu besarkadak eta laztanak, gure oinarrizko zainketen barruan. Kontaktu fisikoa ezinbestekoa da gure osasuna garatzeko; hala, garunaren hazkundea eta heltzea estimulatzen dira. Bero afektiborik gabe, neuronen garapena ez da behar bezala osatzen. Azala ukitu behar dugu, eta beste pertsona batzuek ukitu behar gaituzte.

Orain gabezia-garaian gaude, baina lagunekin elkar besarkatzea komeni ez denez, etxekoak gehiago besarkatzen saiatuko gara  (badirudi, batzuetan, zenbat eta hurbilago, orduan eta kasu gutxiago): seme-alabak, gurasoak, bikotekidea…

Besarkada bat, laztan bat, besterik gabe… Harira etorri gabe, keinu bero horrek dakarrena besterik bilatu gabe, asko da-eta… Jasotzeak besteak maite gaituela eta berarentzat garrantzitsuak garela sentiarazten digu; emateak, berriz, samurtasuna eta maitasuna adierazten laguntzen digu, hitzik gabe.

Askoz gehiago laztan erotikoa bada… Pertsona berri baten larruazala aurkitzea, maite dugunaren larruazala berriro aurkitzea… Batzuetan zer denbora gutxi ematen diogun horri, baldintzatzen gaituen premia genital horrekin…

Eta azken ukitu gisa, gure gorputzen autoezagutza… Presarik gabe, gure mapa erogeno pertsonala marraztu, gure anatomiaren zati bakoitza protagonista balitz bezala zaindu… Ukipen-poesia.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »