“Lehen hitza” (Lorea Arakistain)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Lehen hitza” (Lorea Arakistain)
ETA KITTO 2017, Ira 18

Gure telefono mugikorrek hitz egiten dute, baita ordenagailuetako nabigatzaileek ere. Gure gailuek lehen hitza euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez ematea gure esku dago. Gure esku dago gure gailuek euskaldunak direla esatea.

Interneten darabilgun hizkuntza WhatsAppeko elkarrizketetatik haratagokoa da, irakurtzen ditugun edukietatik haratagoa. Aparailuaren beraren konfigurazio hizkuntzak definitzen du darabilgun hizkuntza. Zer garen, nongoak garen.

Nori axola dio nire mugikorraren konfigurazio hizkuntza zein den? Mundu guztiari. Mugikorraren hizkuntza eta nabigatzailearen nabigazio-hizkuntza ez dira eremu pribatuak: bisitatzen dituzun webguneek, deskargatzen dituzun aplikazioek eta hauen atzean dauden pertsonek badakite zein hizkuntzatan dauzkazun zure gailuak, guzti-guztiek. Eta, datu horietan oinarrituta eta eskari-eskaintzaren logikari jarraituta hartzen dituzte erabakiak. Horren arabera erabakitzen dute webguneek zein hizkuntzatan erakutsi edukia. Horren arabera erabakitzen dute zerbitzu bat garatu ala ez.

Zure nabigazio-hizkuntza konfiguratzea eta euskara lehenestea uste baino garrantzitsuagoa da. Izan ere, nabigatzailearen hizkuntzak esaten dio munduari zein den zure lehenengo hizkuntza. Zein da zurea? Euskara? Eta nola daukazu konfiguratuta zure nabigatzailea? Eta zein hizkuntzatan darabilzu mugikorra?

Jarri ezazu mugikorra euskaraz euskalduna zarela jakin dezaten!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »