Ainhoa Aldazabal
Ainhoa Aldazabal

"Mundua mundu"

2021/02/01
Rebecca Solnit idazle estatubatuarrak ideia interesgarri bat aurkezten du Una guía sobre el arte de perderse liburuan. “Galtzeak bi adiera ditu: alde batetik, gauzak edo pertsonak galtzeak ezagutzen dugun zerbaiten desagerpenarekin du zerikusia. Beste alde batetik, norbera galtzea ezezagunaren agerpenarekin dago lotuta.

Galtzen ditugun objektu edo pertsonak daude: belarritakoak, etxeko giltzak, lagun bat… Baina zu non zauden badakizu eta inguratzen zaituena ere ezagutzen duzu. Elementu bat soilik dago faltan. Edo norbera galtzen da. Eta kasu horretan MUNDUA munduaz dakiguna baino handiago egiten da”.

Ideia hori erabili dut buruan bueltaka. Eta konturatu naiz objektu edo pertsona bat galdu dudanetan (batzuetan behintzat) ni ere galduta sentitu naizela sarri; eta ordura arte ezagutzen nuen mundua zabaldu eta handitu egin dela zerbaiten edo norbaiten galera bizi izanarekin batera.

Galtzea, galduta egotea, eder eta kitzikagarri bihurtzen da momentu horretan. Izan ere, Mundua beti izango da munduaz dakiguna baino handiago eta konplexuago. Beti eta denok (existitzen da beti eta denok?) galduta gaudela esatera ausartuko naiz; eta, juxtu, horrek egiten duela interesgarriago bizi dugun bizitza.

Galduta nagoenean nireganako bidea erakusten didaten kontuez arituko naiz hemen. Gehienetan Letrak, hitzak, poemak eta liburuak izango ditut hizpide. Kantek, antzezlanek edo pelikulek ere ekartzen naute nigana. Eta puzten dute nire bihotza. Lagunarteko konturen bat esaten badut, ez iezadazue kontuan hartu: beraiek dira nire irakasle handienak. Agian, inoiz, Arrateko Amak ahapeka kontatzen didana ere esango dizuet.

Eta hala ere niganainoko bidea egiten dudan bakoitzean galduta jarraitzen dut: niganaino ekartzen nauen edozein gauza edo pertsonak ezagutzen ez dudan mundu zabal bat dakarrelako berarekin. On egin!