“Normaltasun berria” (Nagore Fernandez)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Normaltasun berria” (Nagore Fernandez)
ETA KITTO 2020, Mai 16

“Baina, nire etxea da eta nik ordaintzen dut, ezin dut nahi dudana egin?” Askotan harritzen da jendea etxeko obra egiterakoan gela bakoitzak gutxieneko azalera edo leiho tamaina jakin bat behar duela esaten diogunean. Beharbada orain hobeto ulertuko dira arau guzti hauek… Izan ere, inoiz baino denbora gehiago ematen dugu etxean. Inoiz baino betebehar gehiago gauzatzen ditugu bertan: egongela gimnasio berria da, jangela ikasgela ere izan daiteke eta sukaldea okindegi profesionala bilakatu zaigu. Hobebeharrez konturatu gara espazioak moldagarri izatearen garrantziaz.

Horretaz gain, azken asteetan leiho, balkoi eta lorategi bakoitza altxor bat izan da, internetez erositako kanporako altzarien igoerak agerian uzten du; argi eta aire naturalaz gozatzea ahalbidetzen digun altxorra. Eta ez hori bakarrik, aurpegi berriak agurtu edo bizilagunekin solasteko gunea ere horixe izan baita!

Ziur naiz  etorkizun laburrean aldaketak nabarmenduko direla: etxe polibalentea diseinatuko dugu eta ohiko eskaera izango da terraza edukitzea, gure lurralde euritsu honetan bada ere. Eta hirigintza ere astinduko du krisi honek, edo hala beharko luke: etxebizitza duinak azalera, argiztapen eta aireztapen egokiak ziurtatu behar dituen bezala, hiri duinak biztanleentzat espazio zabal, atsegin eta erosoak gorde behar baititu, autoen aurretik oinezkoak edo ibilgailu jasangarriak sustatuz.

Osasungarritasunari lotutako arau berriak sortuko dira, bizimolde berriak, normaltasun berria deitu duten hori. Ez da lan samurra izango, are gehiago Eibar moduko hiri dentsoetan, baina guztion bizi-kalitatea hobetzeko dela ulertu beharko dugu. Gure etxean gustora bizi gaitezen eta aldi berean kaleak berreskuratu ditzagun, beldurrik gabe eta azken egunetan sentitu dugun irrika berberaz.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »