“Oporrak baino lehen… estresa!” (Araceli Guerrero)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Oporrak baino lehen… estresa!” (Araceli Guerrero)
ETA KITTO 2021, Uzt 19

Uztaila, ia langile guztientzat, udako oporren aurreko hilabetea da, normalean abuztuan hartzen baititugu. Biltzen naizen ia pertsona guztiekin, zer moduz? galderari “badakizu, topera!” erantzuten didate. Izan ere, ikasturtearen amaiera da, baina itxierako hilabetea ere bada langile askorentzat, eta dena prest utzi behar da denbora batez, gehiegi nabaritu gabe, lanetik desagertu ahal izateko. Lasaitasunaren aurreko estresaren hilabetea dela esango nuke.

Lanean ez ezik, etxean ere topera gabiltza; oporrak eta irailetik aurrerako ekintzak antolatu behar dira (haurrak izanez gero zailagoa oraindik), eta, arlo sozialean, ohitura izaten dugu lagunei eta senideei agur esateko, uda igaro arte. Beraz, uztaila “slow bizitza” izaten laguntzen ez duen agenda estuarekin abiatuko da.

Baina, nola kudeatu estres hori? Lanaren eta etxearen antolamendua oinarrizkoa da; zer lehenetsi behar den jakitea, lan-kargak egituratzea…, baina, nola egin estresa ez irabazteko? Lehenik eta behin zu zeu ezagutu eta estresak sortzen dizkizun sintomak ezagutzen jakitea ezinbestekoa da, ondoren estrategiak sortu eta entrenatu beharko ditugu, egoera hauetan erabil ditzagun. Adibidez, arnasketaren bidez erlaxatzen ikas dezakegu, gustuko ditugun aisialdiko jarduerak egin ditzakegu, hala nola mendira joan edo kirola praktikatu dezakegu.

Badaude erabil ditzakegun baliabideak, eta aurkitzen ez baditugu laguntza eskatu beharko dugu, ez da ezer gertatzen, ez baitu merezi estresagatik sufritzea, nahiz eta gero oporrak iritsi  eta abuztuan ezer ez egin.

Animo uztailean eta oporraz gozatu!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »