“Osasuntsua al da pisua galtzea?” (Aner Cardo)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Osasuntsua al da pisua galtzea?” (Aner Cardo)
ETA KITTO 2021, Ira 27

Zenbat aldiz hasi ditugu “dietak” gure bizitzan zehar? Askotan, urtean zehar hartu dugun pisua udarako kentzeko helburuarekin, oso dieta murriztaileak egiten ditugu eta, “osasuna” hobetu edo berreskuratu nahian, kontrakoa lortzen dugu. Argaltasuna, dieta-kultura, eta pisu-galera lehentasun bezala duen edozerk porrota izango du etorkizunean. Beraz, zeintzuk izan daitezke osasuna hobetzeko gakoak?

Orokorrean, jasotzen ditugun mezuak gantz-masa edo pisua galtzearen ingurukoak izaten dira. Beharbada, lehenetariko arazo bat hemen aurki dezakegu, “dieta” hasteko arrazoi edota helburuetan. Gure helburua pisua galtzea bada, orokorrean bidea alde batera utzi eta gure helburura iristeko prozesuari garrantzi gutxi ematen diogu. Jendeak pentsatzen duenaren kontrakora, pisua galtzea ez da osasuna hobetzearen sinonimoa.

Bizi-kalitatea hobetzeko, gure bizitzan egiten ditugun aldaketei betirako eutsi behar diegu. Hau da, ez du ezertarako balio udarako dieta murriztaile bat egitea, bi hilabetetan aurreko ohituretara itzuli behar bagara. Bueno bai, gure osasuna okertzeko balio dezake. Beraz, utz dezagun pisua alde batera, eta zentratu gaitezen benetan garrantzitsuak diren ohitura osasuntsuetan:

Elikadura: Fruta, barazki eta lekale gehiago jan. Kalitatezko proteina-iturriak aukeratu eta kantitate egokiak kontsumitu. Kalitatezko gantz iturriak hautatu (arrain urdinak, fruitu lehorrak, oliba olioa). Amaitzeko, elikagai ultra-prozesatuak murriztu, eta alkohola ahalik eta gutxien kontsumitu.

Ariketa Fisikoa: Sedentarismoa utzi eta MUGITZEN HASI. Indarraren entrenamendua sartu zure bizitzan.

Atsedena: Kalitatezko lo orduak ziurtatu, eta estresa kontrolatu.

Nahiz eta aipatutakoa ezinbestekoa den, pertsona bakoitzak bere egoera izan beharko du kontuan. Kontestua. Gure bizilagunari balio dionak ez digu zertan guri lagundu, horregatik, pertsona bakoitza indibidualizatzea izango da ohitura berriak bereganatzeko eta osasuna hobetzeko gakoa.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »