“Rocio Carrasco Mohedano” (Ainhoa Aldazabal)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Rocio Carrasco Mohedano” (Ainhoa Aldazabal)
ETA KITTO 2021, Mai 21

Rocio Jurado eta Pedro Carrascoren alaba. Rocio Flores eta David Floresen ama. Antonio David Floresen emazte ohia. Fidel Albiacen gaur egungo emazte. Rociito deitzen diote. Rocio Carrasco Mohedano da.

Entzutetsu bihurtu da azken asteotan bere testigantza eskainiz egin duen dokumentala. Ikusi duzue? Nik oso-osorik. Eman dituzten minutu guztiak. Eta baita jarraitu dioten tertulia eta eztabaidak ere. Begirik kendu ezinda eta hurrengo kapituluaren zain pasa ditut egunak. Rocio Carrasco Mohedanori begira.

Bere senar ohiak emandako tratu txarrak eta honek eragindako mina kontatzen ditu bertan. Tratu txar fisiko, sikologiko, sinboliko eta emozionala. Banatu osteko iskanbila publikoa salatu du protagonistak: alde batetik, Antonio David Floresen jarrera oldarkor eta gezurtia. Bestetik, prentsa arrosaren papera: gizonak orain arte kontatu duen istoria entzun, zabaldu, finkatu eta egi bakar bihurtu izana.

Hogei urte luze pasa dira banatu zirenetik. Hogei urte luzez jardun du tipoak poltsikoak diruz betetzen. Emazte ohiaren kolkotik aberasten. Inpunitate osoz jardun du. Seme-alabak bereganatu ditu. Eta gehienek sinistu egin diote.
Hogei urte luzez egon da Rocio Carrasco Mohedano isilik. Epaitegietara jo du eta prozesua motelegia izan da. Seme-alabak galdu ditu. Prozesu terapeutikoan egon da ordutik. Bere buruaz beste egiten ahalegindu da. Askok eta askok ez diote sinisten. Orain(dik).

Apurtuta, haserre, minduta, amorratuta, lotsatuta, triste eta galduta agertu da telebistan. Zoro eta histeriko batzuen begietara. Eta horregatik gustatu zait, eskertu dut. Bizitakoen ostean ezer galtzekorik ez duenaren ahotsa baita.
Eta ez hori bakarrik. Tarteka harro, pozik, umoretsu, ausart eta indartsu ere ikusi dut, barrezka. Bizi izan duenarekin gehienek espero ez duten jarrera erakutsiz. Zoriontsu izateko aukera galduko ez balu bezala. Bizirik. Eskerrak.
Dokumentalak hautsak harrotu ditu. Kazetari eta kolaboratzaileak posizio politiko bat hartzera behartu ditu. Eta, bai, delako telebista kate pribatuaren egitura patriarkala aldatu ez bada ere, zenbat belarri eta burutara iritsi den begirada feminista ikaragarria da.

Rociito deitu diote orain arte. Txikigarriarekin zuzendu zaizkio 44 urteko andra honi. Eta, ez. Rocio Carrasco Mohedanok handitasuna erakutsi du. Ausarta izan da. Eskuzabala. Heldua eta zuzena. Aitzakiarik gabe eta hemendik aurrera, Rocio Carrasco Mohedano.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »