“Tragediak” (Asier Azkue)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Tragediak” (Asier Azkue)
ETA KITTO 2019, Urr 29

Aurreko batean teleberriak edozein amets gaiztotik ateratako albistea eman zuen: emakume batek, bere bikotekidearen laguntzarekin, Getxoko gizon bat engainatu zuen Tinder aplikazioaren bitartez behin gelditu ondoren gainean zeraman guztia lapurtzeko. Emaitza: tipoa bizirik lurperatu zuten, pala batekin kriston jipoia eman eta gero. Eta horrelako tragediak eta injustiziak egunero entzuten ditugu, orduoro. Altsasun hasi eta Kurdistanen amaitzen direnak.

Denbora pasa ahala, gero eta zailagoa egiten zait horrelako albisteak entzutea. Berdin gertatzen zait terrorismo matxistarekin edo Mediterraneoak irensten dituen errefuxiatuekin. Noiz bihurtu gaituzte horrelako tragediak erregistratzeko makina? Teleberria jarri eta lehenengo albistea: gizon batek bere emakumea hil du. Hurrengoa: Open Arms-ek ez dauka Italiako portuetara iristeko baimenik. Hurrengoa: Donostiako Zinemaldiak kriston harrera ona izan du.

Zein da arazoa? Izendatu ditudan tragediak eta injustiziak galdu egiten direla hainbeste albisteren artean. Ez dago inongo bereizketarik injustizia edo edonolako albiste arrunt baten artean. Notizia guztiak filtro berdinarekin jasotzen ditugu, gertakari hutsak bezala, alegia. Eta horrek indiferentzia sortzen du jendearen artean. Badakigu bizi dugun mundu honetan milaka injustizia gertatzen direla, baina ohitu egin gara eta ez dugu ezer egiten horren guztiaren kontra.

Indiferentziaren iturri dugun albisteen estandarizazioa arazo larria bihurtu da gaur egun; izan ere, masak kritikatzeko eta gizartea transformatzeko duen gaitasuna lausotu egiten da poliki-poliki. Honi guztiari buelta emateko argi daukadan gauza bakarra gauzak denon artean aldatu behar ditugula da. Behin ezagutzen dudan tipo bati irakurri nion denok eman behar dugula zerbait gutxi batzuk dena eman ez dezaten. Ez zitzaion arrazoirik falta.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »