Zergaitik martxoak 8? (Asier Azkue)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
Zergaitik martxoak 8? (Asier Azkue)
ETA KITTO 2019, Mar 07

Simon de Beauvoirrek esan zuen krisi politiko edo ekonomiko bat nahikoa izango zela emakumeen eskubideak zalantzan jartzeko. Askotan oroituko gara iraultzaile frantsesaren hausnarketa horretaz hauteskunde eta promesa politikoz jositako urte honetan. Mugimendu atzerakoi eta ultra eskuindarren gorakadarekin, martxoaren 8a urteko egunik garrantzitsuena bihurtu da baldintza guztietako emakume askorentzat eta 2018an jarraitu zuten ildoa ikusiz, aurtengoa ez da gutxiago izango.

VOX-ek makina bat deklarazio egin ditu azken hilabeteetan feminismoaren, bai eta genero indarkeriaren edo abortuaren legearen kontra. Azken bi lege hauen indargabetzea eskuin muturreko formakuntzaren programan doa. PP-k gobernua lortuko balu Ciudadanosen eta Abascalen laguntzarekin, ondorioak latzak izango lirateke emakumeentzat. Baina VOX eta PP soilik arazoaren parte txiki bat dira, izan ere, kapitalak emakumeen kontra eramaten ari duen erasoa mundu guztian gertatzen ari den fenomenoa da, alegia, izaera internazionala du.

Kontua ez da jokoan dauden eskubideen zerrenda bat egitea, ondoren hauek banan-banan defendatzeko, baizik eta munduko emakumeak beraien elkarlaguntzaz urteko 365 egunak errebindikatibo egitea, eskubide guzti hauek beraien osotasunean defendatzeko, martxoaren 8a erreferentzia moduan. Borroka hau da eskuin muturreko alderdien ofentsibaren kontrako lehenengo lubakia eta 2018an ikusitakoarekin argi dago beldurra guztiz galdu dutela.

Gramscik idatzi zuen mundu zaharra hiltzen ez den eta berria jaiotzen ez den horretan agertzen direla munstroak. Berari ere ez zitzaion arrazoirik falta, horregatik hartu behar ditugu Simon de Beauvoirren eta sozialista italiarraren hausnarketak kontuan, hemendik denbora batera damutzerik ez badugu nahi. Emakumeek zuzentzen digute bidea.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »