Iñaki Zubillaga
Iñaki Zubillaga

"4.000 lagun eta 12.000 lata"

2018/02/04
1984ko otsailaren 9an kriston kontzertua izan zen Ermuko frontoian. Hiru taldek osatzen zuten karteldegia: Hertzainak, Cicatriz eta Decibeliosek. Hertzainak gasteiztarrak 1984an lehenengo diskoa kaleratu zuten, primerakoa. Cicatriz punk taldea lehenengo diskoa prestatzen ari zen, “Inadaptados” zoragarria. Eta Decibelios, Bartzelonako Oi!! musika jarraitzaileak, lehenengo diskoarekin  sekulako arrakasta izaten ari ziren.
Garai horretan, gizarte eta politikaren aldaketekin batera, musika izan zen gazteriaren ahotsa entzuteko erreminta nabarmenena. Eta kontzertuak, nola ez, une aproposena amorru guztia kanporatzeko.
Ermuko kontzertuaren emaitza honakoa izan zen: 4.000 lagun kabitu ezinik eta 12.000 lata. Pedro Espinosak Egin egunkarian idatzi zuen kronikan kontatzen zuen zelan giro horretan jaia nahiko ondo amaitu zela,  baina izugarriko desastrea ere gertu izan zela.
Hona hemen German Amuategi Garateren lekukotasuna:
“Zerk bultzatzen ninduen kontzertuetara juateko? Ba, batez be… bizi genduan egoera sozialak: industriaren egoeria, langabetuak, gizarte matxista, estatuarekiko amorrua, poliziak, estatuak eta erlijioak zeken botere nazkagarria. Azken batian, talde horien sorrera irtenbide moduan ikusten genduan eta barruan genkan amorru guztia euren letrak abesterakuan etaratzen genduan. Beste askorentzat ondo pasatzeko modu bat be izan zan, jendea elkartzeko, dantzatzeko eta, aldi berean, burua pixka bat galtzeko. Bizitzeko modu bat be izan zan: ez genduan gizartia beste ikuspuntu batetik ulertzen, No Future bakarrik. Eta aste guztia kontzertuetan pentsatzen eta kontzertuak komentatzen igarotzen genduazen. Astegunetan eztabaidak izaten genduazen gizartian bizi genduan egoerari buruz; eta, asteburuetan, kontzertuetara dena emotera…”.