Unai Artetxe
Unai Artetxe

"Bizi"

2016/09/23
Tamalez izan ditut bidean geratutako lagunak. Oroitzen naiz Koldorekin, Gaizkarekin edo Etorrekin. Gazteak denak, bapatean agurrik esan gabe joandakoak. Gogoan ditut amama, Jexux eta beste asko, agur esateko aukerarik gabe joandakoak.
Tarteka begirada atzera bota, eta egun beraiek hemen egonda hau zer izango litzateken pentsatzen aritzen naiz. Penaz, bai, baina era berean harrotasun handiz. Beraiekin harro, beste garai haietan bizitako guztiak ni egun naizena izatera lagundu didatelako.
Ez dut inolako erlijiotan sinisten, baina ziur naiz nire egunerokoan aurrera egiteko indarra ematen didatela. Azken batean, bizitzeko nire jarreran beraiena ere badagoelako. Beraien irri, poz eta laguntasunak egun nireak direlako.
Askotan ahazten zaigun arren, bidean jarraitzen dugunok zorte handia dugu. Momentu txar zein onetan aurrera begiratu beharra daukagu, ibilbidea luzea izanik ere motza izan daitekeela jakitun. Eta gozatu. Momentu txikienekin disfrutatu, inguruan daukagunekin eta etorkizunean etor daitezkeenekin, baina beti, beti, beti, oraina biziz.