Itziar Sapsootham
Itziar Sapsootham

"Agur eta ohore Alfako ikastolari"

2021/05/21
Laster, Alfako eskola eta ondoren ikastola izan zenaren eraikina eraitsiko dute. Iazko udaberrian hastekoak ziren lanak pandemiak geldiarazi zituen. Eraikina Hezkuntza Sailarena da eta haiek erabaki dute ez dituela beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak betetzen. Beraz, hobe dena botatzea. Espazio horretan zer egongo den adostu gabe. Eraikina birgaitu eta beste erabilpen bat emateko aukerak baloratu gabe.

Alfako kooperatibak, bere langileen seme-alabentzat eraiki zuen eskola  1960 inguruan eta 1977. urtera arte alfisten esku egon zen. Urte batzuetara, Eibarren indar handia hartzen ari zen Ikastolaren egoitzetako bat bihurtu zen. Nere umetako Eibar zahar eta industrialaren postalaren oroitzapen gehienak Alfako ikastolarekin lotutakoak dira: Dos de Mayon lagunekin elkartzea; Ardantzako trenbideko pasabideko barrerak igotzeko zain egotea, eta gaztetxoagoak ginenean barrera hori azpitik pasatzea, horrek ausartagoak egiten gintuelako; Mendizabal, Charola y Anitua eta Bascaran Hermanos tailerren hotsak eta burdin-usaina; trenbide-alboko baserria; bi aldapa luzeak; andereño Maria, Mari Tere eta Maria Elena; jolasorduak eta Aldatzekoekin tirabirak; klasera bueltatu behar ginela abisatzen zigun sirena… eta nola ez, gelakideak! Talde ederra ginen 1986koak (besarkada haundi bat denei)!

Ondare historiko, kultural eta, zergatik ez, emozionalaren parte den elementu arkitektoniko honen galeraren eta desagertzearen atzean,  administrazio publikoen utzikeria dago eta, beste behin, herritarrok ezer egin ez dezakegunaren sentsazioarekin geratu beharko dugu. Eraikinaren albo batean ALFA-ko hizki gorri mitikoak dituen errektangulu itxurako bloke txuri hori Eibarko paisaiaren parte izango ez dela jakiteak asko tristetzen nau. Kolektibo handi baten oroitzapenean grabatua geratuko dela jakiteak ordea, zeozer laguntzen du. Edo hori pentsatu nahiko nuke, hain baita iragankorra memoria…