Enrike Zuazua
Enrike Zuazua

"Agur, ohore eta ongi etorria"

2016/01/22
Gizakiak badu zeregina, bai. Mundua behatuz, ingurunea aztertuz, gure berezko ulertu nahi eta behar horrek, hainbat galdera jartzen dizkigu mahai gainean, egunero. Eta gehienak ez dira errazak batere, ez. Urte berria hasi  dugu, 2016.a oraingoa. Urte berria bai, baina galdera zaharrak ere bai. Iaz, 2015.ean,  tamalez, hainbat senide eta lagun galdu genituen. Jaiotza  berriak ere izan dira gure artean, guztion  zorionerako. Hemen geratu garenok, ulertu gabeko joan-etorri  gazi-goxo horren testigu gara. Ez da erraza, ez, bizitzaren kate-begiak banan banan,  belaunaldika, nola lotzen diren ulertzea. Ez dugu erantzuna asmatu eta ez dugu agian inoiz asmatuko. Bizitzaren misterioa hori baita: misterioa. Nondik?  Nora? Noiz arte? Zertarako? Bakoitzaren bakardadean guztionak diren galdera horiei erantzuna ematea zailagoa da oraindik.

Elkarkidetza izan da beti eibartarron leloa eta, ulertezin horretan,   denon artean,   elkarrekin, urte berri   honi aurre egin behar diogu, ekarriko dizkigun aukera guztiak aprobetxatuz. Badugu, bai, zeregina non gauden eta norantz  goazen asmatzeko,   aurreikusteko. Joan direnei agur eta ohore. Ez ditugu ahaztuko, ez horixe. Eta etorri berriei ongietorria. Iturri zaharretik beti ur berria...