IRATI ALVAREZ
IRATI ALVAREZ

Amorrua, alde batetik zein bestetik

2025/11/07

Jakina da emakume eta pertsona transen aurkako indarkeriak ez duela iraungitze datarik. Eguneroko ogia da: kalean, lanean, eskolan, etxean, lagunartean, familian eta sare sozialetan. Bizipen partekatua da gurea: kontzientzia piztu, antolatu, eta ekin. Baina bidean –nola ez– nekea eta, batez ere, amorrua pilatzen doa.

Amorrua sentitzen dut lagun batek eraso bat jasan duela entzutean. Amorrua, salaketa baten aurrean “gizon baten bizitza hondatzen dela” diotenengan. Amorrua, jarrera eta ekintzak interpelatzean hausnarketa egin beharrean defentsa edo erasoarekin erantzuten dutenengan. Eta amorrua, gizartea aldatzeko ardura berriro ere emakume eta disidenteen sorbaldetan bakarrik uzten denean.

Hori guztia nekezagoa da txapa morea paparrean soilik janzten duten gizon batzuen kasuan, beren pribilegioei uko egin –edo behintzat kontzientzia hartu– gabe jarraitzen dutenean. Sinboloa paparrean izatea ez baita nahikoa. Sinboloak ez du eguneroko jarrerarik ordezkatzen.

Bien bitartean, ideologien espaloiaren beste aldean, gero eta gehiago zabaldu dira feminismoarekiko diskurtso ukatzaileak. “Indarkeriak ez du generorik”, “feminismoak urrunegi jo du” eta “asmakizun ideologikoa da” diotenak. Interneten eta sarean, bereziki gazteen artean, zabalduz doazen mezu arriskutsu horiek ez dira kasualitatea: ultraeskuinak bultzatzen ditu, mundu mailakoa den baina gure auzoetara ere iritsi den testuinguru batean.

Gauzak horrela, bi ondorio dakartzat. Batetik, espaloiaren alde guztietan, eraso eta jarrera matxisten aurrean, autodefentsa feministaz erantzutea da bidea. Bestetik, mezua argia da: jarrera aldatzea, ikasteko prest egotea eta behar denean barkamena eskatzea guztion ardura da. Feminismoaren zama ez da zapalduon bizkar bakarrean utziko dugun astoa.

Deseraikitzeko bidea denona da.