Izaro Apraiz
Izaro Apraiz

"Askatardura"

2019/06/05
Askotan eztabaidatzen dugu koadrilan, familian edo lagun artean gure eskubide eta askatasunen inguruan, baina ez da horren sarri hitz egiten guzti horrek dakarren ardura edo erantzukizunaz.

Horren adibide ugari zerrendatu ditzakegu gure egunerokotasunean: guztiok nahi dugu Sanjuanetan herri bazkari handi eta ederra, baina gutxi batzuek hartzen dute guzti hori antolatu eta aurrera eramateko ardura; lan arloan, uztartzea errazteko lan baldintza malguak nahi ditugu, baina gure konpromisoak bete ez ditugulako kontuak eskatzen dizkigutenean, gure nagusiak erantzukizuna onartzea espero dugu; euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, baina ez dugu horren aurrean konpromiso irmorik hartzen… zerrenda amaigabea osatu dezakegu horrela.

Azken aldian buelta asko eman dizkiot guzti horri, benetan nire aldarrikapenen inguruan, nire eskubide eta askatasunen inguruan zenbaterainoko konpromisoa hartzen dudan (ala ez) hausnartuz. Zenbateko inplikazioa eta bihotza jartzen dut benetan inporta zaizkidan gauzetan? Edo beharbada ez zaizkit horrenbeste inporta inplikazioa eta bihotza jartzen ari ez naizenean? Bada, beharbada ez. Zaila da hori altuan esan eta entzutea, batez ere gure izaeraren eta oinarrien parte bat zalantzan jartzen ari garelako. Inporta bazait, egiten dut; eta, egiten ez badut, beharbada ez zait horrenbeste inporta.

Horiek dira txanponaren bi aurpegiak. Bata, gozoa, asebetetzen gaituena, aske izatea eta gure bizitzaren burujabe. Bestea deserosoagoa, lana, ahalegina eta inplikazioa eskatzen dituena. Baina lanaren, ahaleginaren eta inplikazioaren emaitza ez ote da bizitzan egon litekeen gauzarik gozoena? Beraz, aske izan gaitezen erantzukizunak eta konpromisoak onartzeko, ardurak eta konpromisoak onartzeak egingo gaituelako aske!