Unai Artetxe
Unai Artetxe

"Astindu bandera!"

2017/10/03
Hiru itsas mila. 5.556 metro. Bost kilometro eta erdi. Distantzia hori du Kontxako estropadak, gurean dagoen arraun lehiaketa garrantzitsuenak, gizonezkoetan. 1,5 itsas mila. 2.778 metro. Bi kilometro eta erdi pasatxo. Erdia, alegia, emakumezkoetan.  Luze bi eta ziaboga bakarra, batzuen zein besteen kasuan.
Hamabi arraunlarik eta patroiak osatzen dute 12 metroko luzera duen ontzi bakoitza. Taldekako kirola da, beraz, baina ez dute denek lan bera egiten. Bakoitzak bere eginkizuna du, eta guztiek arraunean egin behar badute ere, taldeko lan horri esker egiten du aurrera traineruak.
Itsasoa bare, tripulazioaren indarra, itsas-lasterra eta zein kaletik arraun egin behar duten izaten dira ardura nagusiak; itsaso zakarrean, aldiz, beste aldagarri ugari daude. Arraunkera motzagoa edo luzeagoa den, olatuekin dantzan abilezia gehien nork izango, ur-lasterra, ontziak hartzen duen norabidea, eta abar luzea.
Arraunean bezala, bizitzan ere indarra eta abilezia behar dira baldintzak onetan zein txarretan norabide egokia jarraitu eta zintzo baina apal ziaboga atzean utzi eta azken luzea egiteko.
Eta aurraunean bezala, bizitzan, arraunlari edo patroia izan, aldamenekoen laguntza beharrezkoa da 3 edo 1,5 itsas mila hoiek egiteko, helmugan aurrena, bigarrena, azkenaurrekoa edo azkena izan, arraunean ez bezala, bizitza bera baita irabazi daitekeen banderarik preziatuena. Lagunok, egin arraun, eta batez ere gozatu! Astindu bandera!