Lorea Arakistain
Lorea Arakistain

"Atzeko atea"

2016/03/09
Letter bana jaso zuten, hala Boiseko etxean nola beste milioika etxe digitaletan, esan nahi da, milioika iPhonetan. Etxegileak, Appleko Tim Cookek, kontatzen zien nola FBIri planto egingo zion; herritarrak mehatxutik salbatu eta lasai bizi zitezen in America, the Land of the Free. Hollywoodeko superhero bat bailitzan.
Cookek bazekien une hau iritsiko zela. Ez zen gobernuak telefono baterako sarbidea eskatzen zion lehen aldia. Bazen, ordea, berak I’d like, but I have no way erantzungo zion lehena. Horretarako eraiki ditu azken gailu digitalak, erosleari segurtasuna eskaintzeko; eta, bere burua bidegurutze horretatik kanpo uzteko, behin betiko, my friend.
Egin dezakeela eta egin behar duela, etorri zaio agindua bueltan, back door edo atzeko ate deritzona eraiki dezan. Sistema bat zeinek telefono guztietarako sarbidea emango lioken FBIri. Cookek ezetz, ez dela fido, arriskutsuegia dela. Eta, beno, FBIri sinisten diona sinisten diola; auskalo zertarako erabiliko duen!
The show will go on, epaitegietan. Non eta telefono-entzuketak legezkoak diren herrialdean. Hala, gaur gaurkoz, segurtasun arloan lidergoan kokatu nahian zebilen Cooki kanpaina doan atera zaio. Ez dago hau ordaintzeko dirurik.
Paradoxikoa performance honetako pertsonaien banaketa: enpresa multinazionala herritarren eskubideen alde, herritarrak haien gobernuarengandik babesteko. Sagarrak ere izango du bekaturik, ala ez.
To be continued.