Leticia Martinez Alcocer
Leticia Martinez Alcocer

"Banakoa jendartean"

2016/05/06
Ez dut amama gazte zeneko jendea imajinatzen “Eta nik zer egin nahi nuke neure bizitzarekin” euren buruari galdetzen. Gaur eguneroko kezka dugun hori, orain dela hamarkada gutxi, ez zen existitzen; horren ordez, denon ongiaren nahiak bideratzen zuen patua.
Egun indibidualismoa da ezaugarri, behin funtsezko beharrak asetuta, norberaren errealizazioa bilakatu dugu buruhauste. Erritu bihurtu dugu zorion pertsonalaren atzetik korrika egitera irtetearena, askotan elastiko berdintsuekin baina bakarka. Narcisoren ispiluaren islak identitate berekoiak sortu ditu, aitzinekoak baino autonomoagoak eta libreagoak aldi berean, aukeraz betetako etorkizunaren diseinatzaileak. Askotan arbasoek baino erabaki askeagoak har ditzakegu; beste zenbaitetan, ordea, egoismoaren kartzelan gaude preso. Besteak axola ez zaizkigun heinean, elkartasunaren ahalmena galtzen ari gara. Nola ez pairatu politikan eragiteko ezintasuna, uhartez osatutako jendartean irla banaiz?
Merkatuak funtsezko ez diren hamaika behar sorrarazten digun garai berekoa da adimen emozionalaren moda. Eta hura, bai, garapen errealerako baliabidea omen da. Emozioak kudeatzeko gaitasuna barik ezin ditut neure jarrerak zuzendu, eta nor bere jokabideen erantzule izan ezean, ez dago kolektibitatea sortzerik. Ni askeak oinarrizkoak dira talde heldua eratzeko, eta  Gu-aren kontzientzia eta enpatia, nahitaezkoak banako libreak izateko.