Leticia Martinez Alcocer
Leticia Martinez Alcocer

"Emakumeok jokoz kanpo?"

2016/01/29
Orain dela bi asteko …eta kitto!-n Eibarko Kirol Sarien gaineko argazkiak plazaratu ziren. Ikusi zenituzten? Eta ez zitzaizuen ezer deigarri gertatu? Niri bai: irudietan gehienak gizonezkoak dira; emakumeak, banakako nahiz taldeko kiroletan,   gutxi dira. Zer dela eta desberdintasun hori? Emakumeon parte-hartze urria kirolean,  gizonezkoenaren aldean, pertsonak generoaren arabera sailkatzen dituen sistemaren ondorioa dugu. Banaketa horren defentsan genero bakoitzak bereizgarri aldaezinak dituela  argudiatzen da. Eta andrazkook pasiboak,  ahulak eta mendetasunaren lagunak omen garenez,  XX. mendera arte, kirolaren munduan jokoz kanpo egon gara.
Zorionez, azken belaunaldietan andreok kirolean jarduteko  eskubidea irabazi dugu.  Dena dela, oraindik ere diskriminazioa jasaten  dugu: zenbait diziplina gizonenak ei dira;  diru-sariak askoz baxuagoak dira emakumeontzat; kirol-instalazioek gizonezkoak   lehenesten dituzte;                      komunikabideetan gizonen lorpenak islatzen dira batik bat; esparruko ikerlan zientifikoek bakarrik gizonak hartzen dituzte kontuan;  eta abar.
Halere, badaukagu nori  jarraitu kirolean,   emakumeok nahi eta merezi dugun autonomia zein jabekuntza erdiesteko: Eibarren bertan, orain dela ehun urte, raketistek moldeak apurtu eta andrazkoentzako abagune berriak sortu zituzten, esaterako. Dudarik gabe, etorkizunean oraindaino  zapaldu ez ditugun zelaiak zeharkatuko ditugu.