Berdegunerik gabeko hormigoizko hiria
Azkenean, bukatzen ari dira Eibarko pasialeku berria; kilometro bateko pasealeku aereoa. Bitxia izango da, bertara joateko eskailera edo igogailua erabili beharko den pasealeku bat izango delako.
Inguru horretako ehundaka pertsonei eragingo dien kalte ikaragarriaz eta izaten ari den koste beldurgarriaz gain (oraingoz, Km bateko pasioaren eraikuntzak, 24.500.000 €ko kostea du), une honetan, Barrenatik Electrociclorantz begiratzean, eraiki den hormigoizko pareta, igogailu eta pasealekua ikusteak, izugarrizko pena eta egon ezina eragiten du; hormigoizko monstruo berri bat eraiki duten irudikapena dut.
Hiritar bakoitzak bere iritzia izango du Eibar hiria irudikatzeko orduan, baina benetan zer nahi du etorkizuneko eibartar familia gazte batek edota Eibarrera bizitzera etorri nahi duen beste edonork? Non gelditzen dira, hiri eremuan, gehiengoak nahiko genukeen natur parke eta zuhaitzez osatutako berdeguneak? Bizi kalitatea bilatzen duen hiri atsegin batek zer behar du?
Gai honen harira, orain dela hilabete batzuk Berria egunkarian argitaratutako artikulu zabal bateko hainbat gogoeta gogoratzea egokia dela uste dut.
Asfaltoaren eta zarataren erdian, berdeguneak hiriko bizitza arintzen duten arnasgune txikiak dira. Itzala eta paseatzeko guneak eskaintzeaz gain, airea garbitu, beroa eta estresa apaldu, eta herritarrak naturarekin lotzen dituzte. Hiriak gero eta gehiago berotzen diren honetan, zuhaitzak eta berdeguneak ez dira apaingarri hutsak (ez dira itxurakeriazko lorategi-eremu edo lore-ontziak), klima larrialdiaren aurkako babesa ere ematen duten espazioak dira. Europako Batasunak eta nazioarteko erakundeek, hirietan eremu natural hauek handitzea aholkatzen duten bitartean, ikusten ari garen bezala, udal batzuk ez dute horren aldeko inongo apusturik egiten. Eibarren ere, udalak aho betean hitz egiten du jasangarritasunaz, baina ondo diseinatutako berdegune eta zuhatzen alde planifikatu beharrean, berriz ere, hormigoizko egitura erraldoi baten alde egin du.
Herritarron bizi kalitatearen ardura duen agintari batek, uste dut ezin duela espazio naturalik gabeko hiri batekin amestu; arnasgunerik gabeko hiri batekin amestu. Badirudi, politikari batzuei ahaztu egiten zaiela klima aldaketaren borrokan, zuhaitzek eta berdeguneek funtsezko rola betetzen dutela. Eibar bezalako udaleherri handi batean, ikaragarrizko onurak izango zituzkeela ahazten zaie, besteak beste, lagunduko lukeela bero boladen eragina arintzen, airearen kalitatea hobetzen edota bizilagunen ongizatea bermatzen.
Oraingo honetan ere, badirudi agintariek aukera ederra galduko dutela, hiri eremuan, Barrenan zehazki ( Hijos de Gabilondo espaziotik hasita), errekaren inguruan belargune eta zuhaitzez osatutako inguru berde zabal bat ez sortzen edota,...
Eibarren, ingurumenaren aldeko borroka potoloak ditugu gure artean, bereziki, azken garaian, energia berriztagarrien izenean (makroparke eolikoak edonon eta edonola eraikiz) naturaren suntsiketa egiteko prest daudenen kontrako borroka. Baina ardura handi horretaz gain, pentsatzen dut Eibarko hiri eremuan ere, hormigoi eta zementoa murriztu eta etorkizuneko hiri berde posible batean amesteari ekin beharko lioketela agintariek, eibartarren bizi kalitatean eta ongizatean pentsatuz, aditu gehienek dioten bezala, etorkizunera begira, inguru berde eta zuhaizti ederrak ezinbesteko elementuak direlako.