Frankismoaren herentzia ala III. Errepublika?
Urtero-urtero, apirilaren 14an, Espainiako 1931ko II. Errepublikaren aldarrikapena gogoratzeko, Eibarren oroipen ekitaldiak egin ohi dira. Iaz PSE-EEkoek antolatutakoan egoteko aukera izan nuen baina, zoritxarrez, ondoren adieraziko dudanagatik, bertan ikusitakoak tristura eta amorrua besterik ez zidatela eragin adierazi behar dut.
Bi arrazoigatik, sasoi hura eta ondorengo gertaera ilun guztiak oso presente izan ditut beti nire bizitzan. Alde batetik, orduko Azpeitiako sozialista bakarrenetakoa zen nire aitxitxak, behin eta berriz, II. Errepublikaren defentsan sufritu zuen guztia jaso izan nuelako (heriotza-zigorraren kondenapean igaro zituen 386 gau beltz lazgarriak, erbestealdia,...); eta, bestetik, nire ama II. Errepublikaren aldarrikapenarekin batera jaio zelako.
Aurten 50 urte beteko dira Europako historia modernoan egon den hiltzaile eta genozida handienetakoa -Franco diktadorea- hil zela. Baina hura, XX. mendeko beste diktadoreak ez bezala, ohore handiz zahartuta ohean hil zen. Hori bai, dena ondo lotuta utzi eta gero hil zen: urteetan eraikitako egitura juridiko, erlijioso, militar eta polizialak, hain zuzen ere.
Horiek horrela, 50 urte ez al dira urte asko “Gora II. Errepublika” oihukatu edota “Untzaga Plaza, oroimenaren lekua” izendatzeaz gain, zerbait gehiago egiteko? PSOE-PSEko kideek zer egin duzue Errepublikaren balioak eta egiturak berreskuratzen saiatzeko?
Memoria berreskuratzearen alde zaudetenok, nolatan mantendu dezakezue indarrean 1969ko Sekretu Ofizialen Legea, horiei esker milaka gertaera mingarri (erailketak, torturak,...) argitzen lagunduko litzatekeela jakinda? Nola liteke, Estatu ez-konfesional batean, oraindik Elizari oparitu zitzaizkion pribilegioekin jarraitzea? Nola da posible mantentzea 1953an espainiar estatu frankistak Vatikanoarekin izenpetutako eta 1979an berretsitako itun lotsagarri horiei eustea? Izan ere, adibidez, gaur-gaurkoz, eskola publikoan Erlijioa arloa derrigorrez eskaini behar da, baita ikasle bakar batek aukeratzen badu ere.
Nola liteke, Europan ia salbuespena den, gizartearen erdia Hezkuntzako Sare publikoan eta beste erdia Sare pribatu-itunpekoan (Escuelas Cristianas, Ikastolak, Deutsche Schule,...) banatzearekin ados egotea? PSE-EEko kideek nola onartu duzue 2023ko Hezkuntza Lege berria? Oinarrian, eskola publikoa eta pribatua ia berdintzen duen lege bat!
Zer esango ote lukete II. Errepublikaren defentsan hil ziren guztiek, fosa-komunetan eraildako eta desagerrarazitako milaka eta milaka pertsonek, mende erdia igaro ondoren, Francok berak herentzian utzitako botere erlijioso, judizial eta polizialaz aparte, monarkia bezalako erakunde anakroniko eta atzerakoiak jarraitzen duela ikusiko balute?
Beranduegi izan baino lehen, Francoren oinordeko zuzenak bularra ateratzen eta beraien mezu atzerakoiak normalizatu nahian dabiltzan garai arriskutsu hauetan (mundu mailako joera orokorra), ea 1931n gure atxitxa-amamek amestu eta lortu zuten gisara –urte gutxi eta gatazkatsuegiak, zoritxarrez–, 2031rako III. Errepublikaren aldarrikapena gauzatzeko gai zareten. Eta, ahal badu, nire amak ikus dezala!!!
Ina Oiartzabal Errasti • Anastasio Errasti “Atxero” sozialista azpeitiarraren biloba