Koldo Edorta Carranza
Koldo Edorta Carranza

"Jaialdi bizia"

2020/11/13
Epidemia bati aurre egiten dioten herritarrek bizitzari nola eusten dioten azaltzen du The painted veil 2006ko filmak, eta etorkizuna aurreikusteko iragarmena aitortu geniezaioke. Txinako komentu bateko umezurtzek kolera agerraldiari aurre egiteko musikaz baliatzen dira, abesten duten bitartean ingurukoaz ahazteko, une batez bederen. Izan ere, kulturak ahalbidetzen digu, bai eguneroko arazoak alde batera uztea, bai egoerei aurre egiteko irakaspenak barneratzea. Horrexegatik, Planocorto elkartekook lasaitu ederra hartu genuen aurten Asier Errasti Film Laburren Jaialdia ospatzea zilegi izango zela jakin genuenean. Egunotan, tabernen itxiera tamalgarriaren ondoren, halako ekitaldiek bizitzaren gatza eta piperra ekarri ahal dizkigute eibartarroi. Beraz, lerro hauek aprobetxatuko ditut jendea Coliseo Antzokira hurbiltzera animatzeko, segurtasun neurriak betetzen dituen aisialdi aukeraz gozatzera. Larunbateko itxiera galan, birusak uzten badigu, kulturaren eta zuzeneko emanaldiak babesteko mugarria ezarri dezakegu, agertokiaren atzealdean gertatzen direnek ez dezatela pantailaren aurrean gertatzen dena baldintzatu. Bukatzeko, jaialdiak bere horretan jarraitzea bermatu duten erakunde, saltoki eta tokiko negozioei eskerrak eman nahi nizkieke. Halako egitasmoak aurrera eramateko beharrezkoa da guztion elkarlana, zeren eta bizi duguna bezalako erronkak gainditzeko ezinbestekoa baita zubiak eraikitzea eta sareak ehuntzea.