Nagore Fernandez
Nagore Fernandez

"Denontzako hiria"

2018/05/07
Betidaniko arazoa izanda ere, emakumeei nolabaiteko babesa bermatzearen beharra zoritxarrez ospetsua den hizketa-gaia da azkenaldian. Feminismoaren ahotsa gero eta ozenago entzuten ari dela dirudi eta noizbait beharrezkoa izateari utziko diola amestu arren, gaur egun ukaezina da gizarte bezala neurri serio eta irmoak hartu beharrean gaudela, gure elkarbizitza baldintzatzen duten alderdi guztietan. Ez naiz legeen aldaketari buruz arituko, ez bainaiz batere aditua horrelakoetan. Baina arkitektura edo urbanismoari lotuta ere badago zer egin; bota ditzagun, beraz, pare bat ideia:
Kale ilunen argiztapena hobetzea da askori bururatuko zaigun lehen puntua. Ez da ideia txarra, sentitzen dugun ikara batzuetan irrazionala izan badaiteke ere denok dakigu oso ohikoa dela. Era berean, orain dela gutxi entzun dugu hiriburuetako autobusek gaueko ordutegian geralekuetatik kanpo jaisteko aukera emango dutela aurrerantzean. Neurri onak izan daitezke, bai. Baina beldurra benetan deusezteko oinarrietara jo beharra dago, sustraietara.
Hiria denon beharretara eraldatu beharko litzateke, errespetuz, elkarri entzunez. Hala, urbanismo eta arkitektura feministaren aldeko elkarteek beste proposamen batzuk dituzte, gizartea ez baita kolektibo estankoz eratzen; emakumeak ere oso bestelakoak baikara elkarrekiko eta gizartearekiko ditugun gogo eta beharretarako. Adibidez, prozesu partehartzaileen bitartez, bakoitzak bere inguruarekin duen harremanari lotutako eskaerak egin ditzakeela diote. Gazte, heldu eta zaharrak, ekonomia, sexu, ideologia edo erlijioaren araberako sailkapenetatik haratago, gure hirian aske eta eroso sentitu gaitezen.