Asier Azkue
Asier Azkue

"Eibar ozpina"

2019/01/27
Facebook-eko Eibar opina foroan gure herriaren inguruko gai desberdinak komentatzen dira: trafiko arazoak, lapurketak, kexa politikoak, poliziak jarritako isunak, gertakariak, etab. Foro honek ezagutzen ez ditugun edo anonimoak diren herriko pertsonekin solasaldian egoteko aukera ematen digu. Beti munduko babes guztiarekin, noski. Pantaila baten atzean egoteak beti ematen digu aurpegira gauzak esateak ematen ez digun segurtasuna eta lasaitasuna.

Hala ere, ez da eztabaidatzeko eremurik gomendagarriena; izan ere, helburua ez da beste erabiltzaileekin ados jartzea, baizik eta garatzen den atmosfera egozentriko eta toxiko horren baitan, zarata ateratzea. Interneteko foruetan denok gara justizian, kazetaritzan edo politikan doktoreak; denok daukagu alkateari ehunka proposamen egiteke eta herriko alderdi politiko guztiak kritikatzeko ahalmena edo jakinduria. Izan ere, edozer gaitan gara adituak. Klik bat eta kitto.

Oilategietan bezala, Eibar opina foruan ez dago inolako kontrolik, ez eta moderaziorik, anarkia hutsa da eta komentatzen diren gertakari ia gehienak bertako oiloak eta troll delakoak elikatzeko balio dute. Berehalakotasunak eskaintzen dizkigun abantailak dastatzea da helburua, hots, esklusiba edukitzea eta lehenengoak izatea iritzia ematen, gure ego maitea komentario positiboen bidez gizentzeko. Ondorioz, denbora libre asko dutenentzako aproposak diren amaiera gabeko eztabaidak sortzen dira.

Argi dago Eibarren gauza asko hobetu daitezkeela, baina noski, nork nahi du ipurdia mugitu albokoak egiten duena kritikatu ahal bada? Amaitzeko: kritika praktikara eraman nahi badezute, joan zaitezte udaletxera, antolatu eztabaidetarako batzar alternatiboak, ezagutu erakunde desberdinek egiten dituzten ekitaldiak edo kexatu zaitezte kexatu beharreko lekuetan, baina ez torturatu amaiera gabeko komentarioen bidez Facebook-en lasaitasun bila sartzen den pertsona oro. “Eibar opina tortura y asesina” zioen kaleko graffiti batek: egia ote?