OSKAR ARANTZABAL
OSKAR ARANTZABAL

Elebakarren bakardadea

2026/07/10

Sarri baino sarriagotan entzun (eta esan) dugu “Nire hizkuntzaren mugak nire munduaren  mugak dira” edo, nahiago baduzue, nire munduaren mugak nire hizkuntzaren mugak dira. Esaldia (bietarik lehena) Ludwig Wittgenstein filosofo austriarrari egozten zaio. Askok selektibitateari esker ezagutuko dutena, baina zalantzarik gabe munduak inoiz ezagutu duen talenturik handienetako bat. Mundu akademikoaren prestigioa utzi eta Norvegiako herri galdu batera joan zen haur eskolan irakasle gisa, beharbada horregatik hilaurreko bere azken hitzak honakoak izan ziren: “Esan iezaiezu denei nire bizitza zoragarria izan dela”.

Hizkuntzak, komunikazio eta elkarbizitzarako tresna izateaz gain, mundua ikusi eta ulertzeko modu bereiztu bat ere badakarrelako bere baitan. Filosofian ohikoa den alemanierazko hitz batez baliatuz: Weltanschauung (=mundu ikuskera). 

Gogora dakarkit gaztetako udaretan egiten genituen interrail haietako batean, Europako bazterrak trenez bisitatuz –maiz gaueko ordutegikoak hartuz edo geltokietan lo eginez aurrekontua “doitzeko”– Belgikako federalismotik ikasitako esperientzia bat. Gazte batek, gure jatorri euskaldunaz jabetuta, bi belaunalditan Flandriako paisaia linguistikoa nola irauli zuten kontatu zigun. Valoniako frantsesaren nagusitasun elebakarra Flandriako lanpostuetarako gainditua geratu zen, bertakoek bi hizkuntza eskaintzen zutelako arreta publiko zein pribaturako, aspertuta bigarren mailako hiritarrak izateaz.    

Eta badira mundu aurreratuko (eta kulturalki aberats eta irekiago) adibide gehiago, hala nola Suitzako Konfederazioan, non lau hizkuntza guztiz  ofizialak dituzten: alemana (%64), frantsesa (%23), italiera (%10) eta erromantxea (%0,5). Eta , esan gabe doa, praktikan ingelesa bosgarren gisa. Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, hobe! Galdetu bestela turismo bulegoetan lan egiteko zer behar den.

Bada enpresa bat, Eibartik gertu kokatzen dena gainera, duela hogeitabost urte bere euskara plana abiatu zuena, baldintza bakar batekin: denon eskubideak errespetatzea. Hau da, langile elebakar batek bere  burbuilan bizitzen jarraitu nahi bazuen, ados, baina jubilatzean ordezkoa elebiduna zatekeen. Gaur da eguna euskara planik ez dutela ezta behar ere. Demagun gauza bera egin izan balitz Osakidetzan, Ertzaintzan, Administrazio Publikoan, Justizian, etab. gure errealitate linguistikoa parekideagoa (eta beraz status juridiko justuagoa) genuke.    

Monarkia bananeroetan (hitzaren zentzurik zabal, ustel eta etsigarrienean), ordea, sindikatu batek nahi beste helegite jar ditzake “lan eskubide mehatxatuen” izenean (beraien soldata bildutako zergekin ordaintzen duten hiritarrenak bost axola); epaile batek auzia bertan behera utz dezake lekukoak euskaraz deklaratu nahi eta itzultzailerik (norentzat?) eskatu ez badu. Selektibitatea frantsesez egitera derrigortzen dutenak ez aipatzeagatik. Demokrazia diote…