Estralurtarrak hezkuntza-sisteman
Zuzentasun osoz erretratatu zuen Nerea Ibarzabalek irakasle hasiberrion –eta ez hain berrien– errealitatea. Ezin hobeto jaso zuen bertsolariak gure lanbidearen parte diren kaosak eta etengabeko berrikuntzek eragiten dizkiguten ezinegona, urduritasuna eta nekea, eta burokraziaren inguruko aipamenari heldu nahiko nioke hurrengo lerroetan.
Askoren usteari jarraiki, irakasleon ibilbidea argia eta sinplea da: gradua ikasi, irakaskuntzarako guztiz prestatuko gaituen zubi birtuala gainditu, eta 25 neraberen aurrean jarri Platonen Haitzuloaren mitoa azaltzen, aurpegian galdera-ikur handi bat marraztuta dutela. Ordura arteko irakasle-bidean nekez gal daiteke bat; alabaina, gelan lur hartzen dugunean hasten da benetako zalantza-festa, nerabeen aurpegiekin match eginez.
Eskolatik pasa izanagatik bakarrik, denok bihurtzen gara bat-batean hezkuntzan aditu. Baina, pokemonen antzera, hezkuntza-sistema ere etengabe eboluzionatzen ari da –onera edo txarrera–, eta bestelako mundu bat dago Sailaren baitan. Bada, hezkuntzak bere jardun, arau eta hiztegi propioa ditu dagoeneko: HBN, HLBP, IDU, HPB, AGNH, IUP, AEN… Nobedade horien guztien aurrean gu, orojakileok, irakaskuntza-masterra amaitu eta sistemaren tripetan sartu bezain pronto, den-denak menperatzen ditugu, jakina. Izan ere, nork ez daki zer esan nahi duen letren konbinazio amaigabe horrek? Nork ez du ulertzen hezkuntza-pokemona premium mailara eboluzionatzeko beharrezko burokrazia? Tentelak gu!
Irakaskuntzan berria naizen heinean irakasleontzako Delfoseko orakulu bat egotea eskertuko nuke –eta urteak daramatzatenek ere eskertuko luketela uste dut–. Eusko Jaurlaritzaren egoitzan bertan kokatuko balitz ere, asko izango ginateke bertara joko genukeenak. Kontua da estralurtarren antzera sartzen garela irakaskuntzaren munduan eta, behintzat, estralurtarrek ez dute ezezagunaren aurrean disimulatu beharrik. Gu, ordea, irakasle-berri-orojakileok, jakinaren gainean egon behar dugu: irakasteko eta galderak erantzuteko gaude, galderak egitearen lana ikasleena baita. Ezinbestean, galdera-ikurra poltsikoan gorde eta Ideien munduaren azalpenarekin jarraitu behar dugu aurrera, telefonoaren beste aldean administrazioak jartzen digun igogailu-musikitarekin ez baititugu poltsikoak betetzen dizkiguten galderen erantzunak topatuko.
