Feria medieval
Astebururako Feria Medieval edo horrelako apelatiboa dakarren festa edo ospatzekoa da gure hirian. Nik ez dakit ongi nabilen baina jai hauek arrotzak egiten dira euskaldun batentzat. Izan ere, beroietan gaztelania izaten da hizkuntza ardatza, formaz eta edukiz, (oraingoan badirudi euskarari zertxobait eskaintzen zaiola; ez al da hutsaren hurrengoa izango!). Bitxia da, ospakizun hauek medieval hitza dakarte baina Erdi Aroan ez zen gaztelania hizkuntza nagusia, kalean, alegia. Penintsulako hizkera ugari baitziren erabiliak: bablea, aragoiera, asturianoa, astur-leonesa, errioxera, galegoa, katalana, euskara, noski eta abar eta abar. Dioguna, festa hauetan, orain arte horrela izan da, poztuko ginateke bestelakoa bada enfokea, gaztelaniaren supremazismoa nabaria izaten da gainerako mintzo eta ohiturak desagertuak edo bigarren edo hirugarren mailako adierazpide agertzen direla.
Eibarko udalak ohituak gauzka horrelakoak egiten. Azkeneko umorezko antzezlanekin gertatu zen bezala. Edozenbat emankizun prestatu zituen non euskararen usainik ere ez zen bertan inon ikusten. Eta horrela doa bizitza. Aurrera baino atzera nabarmen goaz. Paisaje linguistico delako horretan esaterako. Duela zenbait urte txintxo-txintxo betetzen zen errotulo eta abarretan elebitasuna. Gaur egun, urruti gaude intentziotan. Ez dago ikustea baino denda eta jendearen aurreko lokaletan euskarak zelan egin duen nabarmen atzera. Berriki, hortz klinika bat zabaldu da non hitzik ere ez den agertzen euskaraz euren kale alderako errotulazioan, behintzat. Beste askok ere ahaztu egin dute nonbait euskaraz ezer jartzen. Deseuskalduntzea nagusi da Eibarren. Horretaz aspaldi konturatu ziren arabieraz mintzatzen diren dendak. Gaztelania eta euren hizkuntza, horiek dituzte euren hormetan. Zertako euskaraz? Inon entzuten da euskara herri malapartatu honetan? Hori bai: Rialto aurrean jarri duten arrandegian magrebiarrek errotuluari euskal izen bat erantsi diote. Ze sinpatikoak!!

