Lorea Arakistain
Lorea Arakistain

"Garaiko petroleoa"

2018/05/23
Cambridge Anlyticaren eskandaluak senatura eraman du Marck Zuckeberg. Senatuak gizona estuago hartu izana espero zitekeen eta eztabaida sakonagorako bide ere ematen zuen egoerak, baina deskafeinatu xamarra izan da agerpena. Lindsay Graham senatari errepublikarrak jarri zuen fokua:
Senataria: “Gertatutakoa gertatuta, nola esango diet boto-emaileei autorregulazioa ona dela?”
Zuck: “Ez dut uste erregulatu behar ez denik”
Senataria: “Europak arrazoi duela uste duzu?”
Zuck: “Gauzak ondo egiten dituztela uste dut”
Europa aipatzean, maiatzaren 25an indarrean sartuko den Datuak Babesteko Araudi Orokor berriaz ari ziren, datuak eta hauen zirkulazioa babestea asmo duena, gaurdainoko legerik zorrotzena.
Honen aurrean Interneteko zerbitzuak haien politikak egokitzen eta erabiltzaileei baldintza berriak onartzeko eskatzen dihardute.
Aurrerantzean baldintzak garbiago eta xeheagoa azaldu beharko dituzte, eta berariaz onartu beharko dira. Nor dago prest uko egin eta mainstream diren aplikazioak baztertzeko? Alternatiba badago eta software librea du izena.
Egin kontu gure mugikorrean gertatzen den guztia gordetzen duten horiek ez direla software edo komunikazio enpresak, haien muina datuak dira eta gu produktua. Datu-enpresak dira datuak direlako garaiko petroleoa.