Julen Bollain
Julen Bollain

Gaur egun ere eredugarri?

2025/01/24

Eibar Euskal Herriko industria-garapenaren ikur nagusietako bat izan da historian zehar. Hiriaren armarriko lema, "Eibar’ko hiri guziz eredugarria”, harrotasunez betetako esaldi bat da, berrikuntzan eta garapenean egindako bidea azpimarratzen duena. Baina, gaur egungo egoera ekonomikoari erreparatuta, mantentzen al da lema hori?

XX. mendean izandako garapen industrialaren ostean, Eibarrek aldaketa handiak bizi izan ditu. Garai batean industrian erreferente izan zen hiriak globalizazioaren eta digitalizazioaren erronkei egin behar izan die aurre. Egia da Eibarrek industria-egitura duela oraindik ere, eta bertako enpresa txiki eta ertain asko industria 4.0ren beharretara egokitu direla. Hala ere, merkatu globalen presioak, deslokalizazioak eta belaunaldi errelebo faltak erronka handiak oraindik.

Bestalde, merkataritzara eta zerbitzuetara egindako dibertsifikazioak bizitasun berri bat ekarri dio Eibarko ekonomia-sareari, baina horrek ere bere erronkak ditu. Terziarizazioak hiriaren industria-sektorearen pisuaren galera ekarri du, eta horrek kezkak sortzen ditu ekonomia orekatua izateko orduan. Zerbitzuen sektorea ezinbestekoa den arren, hiriaren tradizio industriala eta horrek sortzen dituen lanpostu egonkorrak gutxitzen ari dira. Gainera, enplegu berriak sortzeko gaitasuna sektore industrialean baino txikiagoa izan ohi da, eta horrek gazteentzako aukeren urritzea dakar. Hau guztia kontuan izanik, argi dago beharrezkoa dela industria eta merkataritzaren arteko oreka bilatzea, hiriaren identitateari eta garapen ekonomikoari eusteko.

Armarriko lemak hausnartzera gonbidatzen gaitu. Gaur egun, Eibar eredugarria al da oraindik? Historiari eta kulturari dagokienez, zalantzarik gabe bai. Berritzeko gaitasuna eta komunitate espiritua txalotzekoak dira. Baina, ekonomia alorrean, eredugarri izateko, berrikuntzan, jasangarritasunean eta inklusioan konpromiso handiagoa erakutsi beharko da.
Eibarko harrotasuna mantentzeko oinarriak badira, eta hiriakerresilientziaren eta berrikuntzaren ikur gisa aurkezten jarrai dezake, etengabeko aurrerapenarekin eta egokitzapenarekin. Gure armarriaren lema mantentzea posible da, zalantzarik gabe, baina horretarako politika ausartak eta berritzaileak behar dira, bai eta herritar, enpresa eta erakunde guztien ahalegin bateratua ere.