Julen Bollain
Julen Bollain

Tradizioa, ekonomia eta bizikidetza dantzan

2025/10/14

Eibar ez da industriaren eta lanaren ikur historikoa soilik. Bizitzaz, kultura-aniztasunaz eta herrigintzaz blaitutako komunitatea ere bada. Urteko hainbat momentutan, kaleak kolorez eta doinuz janzten dira, jaiak aisialdirako une aproposak bihurtuz. Baina, horretaz gain, jaiak eta herri-jarduerak gure herriaren ekonomia, kohesioa eta nortasuna biziberritzen duten ardatz sendoak dira. Sanjuanak, Arrateko jaixak, San Andresak, Sagardo Eguna, gure auzoetako jaiak edo zapatutik zapatura mugimendu anitzek burutzen dituzten jarduerak ez dira folklore hutsa. Herritarren parte-hartzea sustatzen duten guneak dira, belaunaldi eta persona desberdinen arteko zubia. Kalean antolatzen diren ekintzek —musika, gastronomia, kirol-txapelketak, artisautza-azokak, etab.— bultzada nabarmena ematen diete tokiko ostalaritza eta merkataritzari, tokiko produktu eta zerbitzuen balioa handituz eta ekonomia

Gainera, ekitaldi horiek sortzen duten dinamismoak lanpostu osagarriak ekartzen ditu; muntaketa, segurtasuna, garbiketa, komunikazioa, kultur produkzioa… Zer esanik ez, herriaren irudiari egindako ekarpenaz. Kanpotik bisitariak erakartzen dituzte, eta honek gertuko turismoari ateak irekitzen dizkio, Eibar helmuga kultural gisa kokatuz. Jaiak herriko elkarteek beren lana ezagutarazteko eta komunitatearen parte izateko sentimendua areagotzeko aukera ere badira.

Baina, nahiz eta hori guztia garrantzitsua izan, agian ez da inportanteena. Ba al da monetizatzerik ekitaldi horiek guztiek gure hirian sortzen duten bizikidetza eta identitatea? Horiek guztiak espazio partekatuak dira, non desberdinen arteko elkarbizitza errealitate bihurtzen duten. Herri bizi baten seinale dira, eta eguneroko erritmoari arnasa ematen diote, gure historia kolektiboa eguneratuz eta belaunaldien arteko haria ehunduz. Gure gazteek txosnetan parte hartzen duten bitartean, adinekoek plazan dantzan egiten dute; etorkinek euskal kulturarekin bat egiten dute, eta herritar askok boluntario modura lan egiten dute, elkar zaintzaren logika aktibatuz.

Horregatik, Eibarren egiten den ekintza- eta jai-egutegi aberats eta anitzak ez du gure kaleak betetzen soilik. Gure hiria bera bizirik mantentzen du, erritmo kolektiboaren taupadan jarraitzen duela gogoraraziz. Eskerrik beroenak parte hartzen duzuenoi eta besarkada handi bat herri lanean jo ta ke ibiltzen zaretenoi, askotan isilpean baina etengabe, gure komunitateari bizia ematen diozue eta.