Koldo Edorta Carranza
Koldo Edorta Carranza

"Gertuko Zinemaldia"

2019/10/01
Zinemaldian nago, bertako giroari buruz zuzenean idazteko asmoz. Etxean inprimatutako sarrera baten atzeko partean jaso ditut hitzok. Jatetxe parean film baten afixa erraldoiak daude, eta atseden hartzeko unean ere jaialdiaren barnean nagoela gogorarazten didate. Halakoak dira ekitaldiok, adi-adi egon behar duzu uneoro, bestela zerbait garrantzitsua galdu dezakezu: aktore famaturen bat, kazetarien elkarrizketak, edota fan sutsuen garrasi ozenak. Esaterako, goizean, Euskal Zinemaren Irizar Sariko epaimahaikideen presidentea begiztatu dut, bere lankideekin solasean, Urumea ibaiaren alboan. Berarengandik hurbil, ez zegoen ez bizkartzainik, ez paparazzi kuxkuxerorik. Geroago, Kursaalaren aldamenean, Loreak eta Handiaren zuzendariak ikusi ditut, jendearekin argazkiak ateratzen. Ondoren, herritarrez inguraturik, Paseko Txoriak tokiko dokumentalaren estreinaldira joan naiz. Bertan filmeko talde teknikoak ikus-entzuleen galderei erantzun die, naturaltasun osoz. Juanmi Gutierrez zinemagile zenduaren azken lana izan zenez, nabaritzen zen lagunez eta jarraitzaileez beterik zegoela aretoa. Azkenik, euskal telebistako eta zinemako aurpegi ezagunekin topatu naiz tabernetan, VIP geletan sartu beharrik gabe. Horrelakoa da gure zinemagintza: gertukoa eta azalkeria gutxikoa. Alfonbra gorriko nazioarteko izarrak izar, poztekoa da Zinemaldia euskal sorkuntzaren arnasgune izaten jarraitzea. Hala den neurrian, horren hitzordu ospetsuan ez gara sekula turista arrotzak sentituko.