Haurreskolan plaza izatea pribilegio bihurtu da Eibarren
16 hilabeteko haur baten ama naiz, eta azken boladan oso pribilegiatuak izan garela ohartu naiz. Zorte handia izan genuen: 2025eko irailean gure semeak plaza lortu zuen Eibarko haurreskola batean. Baina, zoriaren esku utzi behar al da etxeko txikienek haurreskolan plaza izatea?
Onartezina da herri batean jaiotako haur guztiek ez izatea herriko haurreskolan plaza bermatua. Haurreskolak ez dira luxu bat; familientzako oinarrizko zerbitzu publikoa dira. Haur txikien heziketarako eta familiek lana eta zaintza uztartu ahal izateko ezinbesteko tresna.
Eibarren, ordea, gero eta familia gehiagok arazo bera bizi dute: plaza falta. Horrek, ezinbestean, familia asko egoera bidegabeetara eramaten ditu. Batzuek seme-alabak beste herri batzuetako haurreskoletara eraman behar izan dituzte -Elgoibar, Elgeta, Ermua, Berriz…-, horrek dakarren logistika, denbora eta gastuarekin.
Beste askok, berriz, aukera bakarra izan dute: lanari uko egitea edo eszedentzia eskatzea. Hau da, familia baten ekonomia kolokan jartzea, administrazioak oinarrizko zerbitzu bat bermatu ez duelako.
Eta bitartean, askotan entzuten dugu arazoari konponbidea etorriko zaiola, edo etorkizunean plaza gehiago egongo direla. Egia da Eibarren haurreskola plaza gehiago sortzeko proiektua abian dagoela, baina familiak ez gara etorkizunean bizi: gaur behar dugu irtenbidea, eta biharko promesak ez digu balio.
Arazoa ez da soilik logistikoa. Justizia sozialaren kontua ere bada. Familia guztiek ez dute aukera bera: denek ezin dute lanorduak malgutzea eskatu, ez dute inguruan aitona-amonarik, eta askok ezin dute beste herri batera egunero joan-etorrian ibili. Azkenean, berriro ere, ondorioak pairatzen dituzten biktimak betikoak dira: familiak.
Kosta egiten zait errealitatea onartzea. Benetan ez al dute gure herrian jaiotako haur guztiek herriko haurreskoletan plaza izateko eskubiderik? Herri batek bere etorkizuna zaindu nahi badu, nahitaez jarri beharko luke haurretan eta familietan fokua. Eta hori ez da diskurtsoarekin egiten; baizik eta hezkuntzarako sarbidea bermatuz.
Familiok ez dugu pribilegiorik exijitzen, eskubide bat baizik. Oinarrizko zerbitzu publiko bat eskatzen dugu: Eibarren jaiotako haur guztiek Eibarren haurreskola plaza izatea.
Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.