Jon Legarda
Jon Legarda

"Industriaren Desdigitalizazioa"

2019/04/01
Azkenean gertatu da ba. Badaukagu sistema adimentsuen mugak zeintzuk diren benetako froga larria. Dakizuenez, azken hilabeteetan bi hegazkinen istripuen arrazoia azken generazioko sistema adimentsuen funtzionamenduetan egon da. Beno, ikerketak esango digu zeintzuk izan diren arduradunak: formazio falta, pilotu automatikoaren funtzionamendua, edo biak batera. Dirudienez (hau Interneten irakurritakoa da, beraz, kontuz) distantzia neurtzen zuen sentsore batek ez omen zuen ondo funtzionatzen eta erabakiak hartu behar zituen ordenagailuari informazio okerra bidali zion. Gora egin beharrean, beherantz egiten zuen hegazkinak aireratzean. Estatu Batuetan, dirudienez, bertako pilotuek bazekiten ez zuela pilotu automatiko horrek ondo funtzionatzen eta deskonektatu egiten zuten (ez omen zen erraza deskoneksio hori, antza denez). Baina istripuetako hegazkinen pilotuek ez zekiten nola egin eta informazio-liburua irakurtzen zeudela jo zuen lurra hegazkinak.

Kasu horrek inpaktu ikaragarria eduki du eta edukiko du hurrengo urteetan. Ez bakarrik egon diren galerengatik, baizik sistema adimentsuen erantzukizuna norainokoa izan daitekeen markatuko duelako. Azken hilabeteetan ere egon dira beste adibide batzuk kotxe autonomoen inguruan. Istripu ugari egon dira sistema adimentsuek ez zutelako ongi bereiztu benetan gertatzen ari zena, baina kasu horietan gidatzaileek zuten azken erantzukizuna.

Guzti horrek, baina, gogoeta oso garrantzitsua dakarkigu. Sistema adimentsuek ez dute guztietarako balio, ezin dute dena egin eta ezin dute dena erraztu. Badira funtzio batzuk pertsonak baino hobeto egin ditzaketenak; adibidez, informazio konplexua eta ugaria oso bizkor eta zehatz-mehatz aztertzea. Baina azterketa horren emaitzak erabaki bat dakarrenean, eta erabaki horren ostean pertsonen bizitza, inguruneari kaltea edo diru-galerak badaude, orduan pertsona baten erabakia egon beharko da beti.

Marketing eta zientzia fikziozko filmetan erabiltzeko guztiak balio du, baina gauza garrantzitsuentzat pertsonak ezin dira ordezkatu. Ez dugu ahaztu behar gizakia inoiz ezagutuko dugun makinarik perfektuena dela, nahiz eta ingeniariek hori lortzea saiatzen garen.